Austeritatearen aurkako borroka ikur, sindikatuek karrikara jo dute Baionan
Europa mailako deialdiari eginez, 800 bat pertsonak parte hartu zuten Santa Ursulan hasi eta Suprefeturan amaitu zen martxan. Inflazioaren garaian soldaten emendatzea eskatu zuten. Era berean, emazte eta gizonen lansarien arteko arrakala salatu zuten.

Bizitzaren garestitzea salatzeko karrikaratu dira sindikatuak. Astelehenean Parisen izanen den goi-bilera sozialaren atarian eta erretreten erreforma arbuiatzeko eginiko azken protesta handitik lau hilabetera, indarra erakustea izan zen atzoko mobilizazio egunaren beste xedea.
Frantziar intersindikalaren bultzadapean deituriko greba eta mobilizazio egunaren bidez austeritatearen aurkako mezua zabaldu dute sindikatuek. Hala, soldaten emendatzea eskatu dute, baita emazte eta gizonen arteko soldata arrakala gainditzeko neurri eraginkorrak ere.
Baionan eginiko martxa Santa Ursulatik abiatu zen eta suprefeturan zuen helmuga. 10.30ean emana zuten hitzordua sindikatuek, baina beranta txiki batekin abiatu zen segizioa. Orotara 800 bat lagun elkartu ziren mobilizazio horretan.
Antolatzaileek berek aitortu zutenez, erretreten erreformaren aurka egin zuten azken mobilizaziotik urrun gelditu zen atzoko martxa. Hala ere, «ezer ez dela bururatua eta gure aldarrikapenak hor daudela oroitarazteko» balio izan zuen kurtso sozialaren hasiera markatu zuen protestak, Argitxu Dufau LAB sindikatuaren ordezkariak nabarmendu zuenez.
Greba deialdiari dagokionez, hainbat sektoretan, hala nola garraioan, hezkuntzan eta osasungintzan eragina ukan zuen lanuzteak.
Besteak beste, eskualdeko tren zerbitzuan eta Biarritzeko aireportuan sumatu zen greba deialdia. Esaterako, Pariserako Transavia konpainiaren hegaldirik ez zen egon. Orotara hamabost bat hegaldi gelditu ziren bertan behera Lapurdiko aerodromoan. SNCF tren konpainiak azaldu zuenez, eskualde-trenetan eragina izan zuen greba deialdiak; ez, ordea, LGV (AHT) zerbitzuan.
Zerbitzu publikoak eta erretreten sistema defendatu beharra dagoela azpimarratu zuten, bestalde, sindikatuek.
Hala, osasungintzan ere izan zuen eragina lanuzteak. Familia-medikuen sindikatuak bat egin zuen mobilizazio deialdiarekin. Gizarte zerbitzuetako langileak ere greba mugimendura batu ziren.
CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, UNSA, Solidaires eta FS estatu mailako sindikatuek babestu zuten atzoko deialdia. Ipar Euskal Herriko LAB sindikatua ere batu zen mobilizazio egunera. Abenduaren 13rako hitzordu berria eman dute sindikatuek.
«Frantzian lan hitzarmen gaineko negoziaketan abian diren honetan mobilizatzea funtsezkoa da, langileen soldatek eta oro har lan baldintzek hobera egin dezaten», azaldu zuen intersindikalak.
Era berean, Europar Batasuneko estatuek zor publikoa murrizteko aitzineratu nahi dituzten politikei aurre egiteko deia egin zuen.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
