Iraitz MATEO
DONOSTIA
GAZTEAK ETA BURU OSASUNA

Baliabide gutxiegi, okerrera doan gazteen buru osasunerako

Gazteak eta buru osasuna izan zuten hizketagai, Agifes elkartearen eskutik, astearte arratsaldean Donostian. Pazienteek, psikologoek eta psikiatrek horien egoeraren berri eman zuten, eta guztiek egin zuten bat behin baino gehiagotan mahaigaineratutako aldarrikapenarekin: ez dago behar adina baliabiderik; «inbertsio ekonomiko eta humanoa behar da».

Nekane Azuabarrena, Mikel Sarmiento, Eider Zuaitz Iztueta eta Jaione Mujika hizlariak.
Nekane Azuabarrena, Mikel Sarmiento, Eider Zuaitz Iztueta eta Jaione Mujika hizlariak. (Jon URBE | FOKU)

Agifes elkarteak Buru Osasunaren, Nazioarteko Egunaren aitzakian, “Gazteak eta buru osasuna: premiazko erronka” hitzaldia antolatu zuen asteartean Donostian. Beren esperientziaz hitz egin zuten paziente eta psikologo zein psikiatrek, eta ondorio partekatu bat azpimarratu zuten hitzaldiaren hasieran: baliabideak falta dira, baliabide humanoak eta ekonomikoak. Solasaldiaren amaieran ondorio bera izan zuten aldarri. Mikel Sarmiento eta Jaione Mujika beraien gaixotasunean oinarrituz mintzatu ziren, eta alboan izan zituzten Nekane Azuabarrena psikologoa eta Eider Zuaitz Iztueta psikiatra.

Gaiari hasiera emateko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azken datuak ekarri zituzten gogora: 15 eta 29 urte bitarteko hamar pertsonatik batek dio antsietate edota depresio sintomak dituela; 2015etik 2020ra bitartean, 29 urtetik beherako 76 pertsonak egin zuten beren buruaz beste. Psikofarmakoak hartzen dituzte gazteen herenak eta, adituen arabera, egungo «bizi ereduak» zuzeneko eragina du; zehazki, «onenak izateko» gazteengan jartzen den presioak eta sare sozialek.

Sarmientok bere bizipena kontatu zuen, nondik eta nola iritsi zen Agifes elkartera: «Ni beti izan naiz gizarteak ‘arraro’ gisa kalifikatzen duena, eta uste nuen hori zela guztia». Baina duela bi urte elkarteak antolatutako hitzaldi batean egon zen «kasualitatez» eta azaldu zuen bertako hizlariek kontatutakoarekin identifikatuta sentitu zela. Azaldu zuen egoeraz jabetzean, informazioa zein tresnak eskuratu zituela elkartearen bidez; orain, tutoretzapeko etxebizitza batean dago. Hala ere, bidean, «informazio pertsonalizatua» faltan sumatu zuela aitortu zuen: «Entzute aktibo bat falta da, norberaren testuingurura egokituko den lanketa bat, denei berdina esaten digute: ‘joan psikologoarenera’».

UNITATE BEREZIEN BEHARRA

Azken hari horri tiraka bota zuen galdera airera Mujikak (berak depresioa du diagnostikatuta, eta bere alabak elikadura jokabidearen nahasmendua, egun Bartzelonako ospitale espezializatu batean dago ingresatuta): «Benetan uste dugu buruko gaixotasun bat terapiarekin sendatuko dugula? Espainian autonomia erkidego bakarra dago elikadura nahasmendurako unitate bat ez duena, eta hori gurea da; baliabide gehiago behar dira». Hori da bere alabaren kasua; Bartzelonara lekualdatu behar izan dute unitate berezia bertan dagoelako: «Lekualdatzearekin familia puskatzen da, eta gastu ekonomiko ikaragarria da. Ez dut ulertzen Osakidetza horren ona bada, unitate berezirik bertan ez egotea». Mujika bera Donostiako ospitale publikoan ingresatuta egon zen zenbait hilabetez, eta bertako egoera «negargarria» ere salatu zuen: «Arratoiak zeuden patioan, gela txiki eta partekatuak genituen, neguan ez genuen nahikoa ile lehorgailu denentzat… Zaila da gizarteko estigmak desagerraztea ospitala ere estigmatizatuta dagonean».

ESKAKIZUN ZEHATZAK

Iztuetak Andoaingo anbulategian egiten du lan, psikiatrian eta arazo argi bat nabarmendu zuen: «Eskari handia dago eta denbora gutxi dugu». Azaldu zuen pandemiaren ostean, gazte eta haurren kasuek gora egin dutela, eta bere pazienteengan bi joera sumatzen dituela: mutilengan jokabide-nahasmenduak dira nagusi, eta neskengan, elikadura nahasmenduak eta depresioa. Eskakizun zehatz bat ere azpimarratu zuen behin baino gehiagotan: eguneko ospitale baten beharra; «Gipuzkoan ez dago eguneko ospitalerik, eta anbulategietatik iristen ez garenean egitura bat egon behar da gaixoek bertara jo dezaten».

Azuabarrena psikologoa da ikasketaz, eta egun ikastetxeetan dabil informazioa zabaldu nahian. Aitortu zuen irakasleak «galduta» daudela: «Irakasleei ardura handia jartzen diegu, hamarnaka orrialdeko protokoloak ematen dizkiegu, baina ez dizkiegu tresnak ematen. Protokoloak jarraitzea ongi dago, baina momentu horretan ez da garrantzitsuena paper batzuk betetzea, nola jokatu jakitea baizik, eta horretarako ez daude prest». Formakuntzaren bidez eta baliabide berriekin aurrera urratsak egitea eskatu du elkarteko kideak: «Ez gara eskaintza espezifiko eta integral bat ematen ari, hori arazo bat da».