Jon ORMAZABAL
PILOTA

Hil ezazu aita, Peio Etxeberriaren heldutasun froga Bilboko Deportivon

Elkarren aurka buruz buru 10 aldiz jokatu dute Zenotzekoak eta hasieratik ispilu izan duen Joseba Ezkurdiak, eta denak Arbizukoaren alde erori dira.

Estutu bai, baina Peio Etxeberriak ezin izan du Ezkurdia garaitu.
Estutu bai, baina Peio Etxeberriak ezin izan du Ezkurdia garaitu. (Iñigo URIZ | FOKU)

Duela urte batzuk Juan Martinez de Irujok berarekin egin zuen bezala, Joseba Ezkurdiak seme edo anaia txiki bat bezala hartu zuen Peio Etxeberria Zenotzekoa euren entrenamendu taldera heldu zen lehen egunetik. Eredua izan, erakutsi, babestu... ia denetik egin du arbizuarrak ultzamarrarekin, ikaslea maisuari begietara parez pare begiratzera heldu den arte. «Hil ezazu aita». Horixe zen Freudek erabilitako baliabide metaforikoa, gizakiok heldu eta gurasoak albo batera uzten hasten garen momentua azaltzeko. Azaltzen zaila eta egiten are zailagoa den zerbait, bereziki Peio Etxeberriaren kasuan.

Izan ere, azken urteetan garapen izugarri bat izan ostean, txapelketa batean buruz buru Joseba Ezkurdiari irabaztea da Peio Etxeberriak betetzeko gertuen duen erronketako bat. Orain arte bost aldiz topo egin dute Lau eta Erdikoaren barruan, beste bitan Buruz Burukoan eta beste hirutan sanferminetako kaiolakoan; denetan garaipena Sakana aldera joan zen. «Hasieran elkarren artean genuen laguntasunak nik uste eragiten zidala, baina badakit gero eta hobekiago kudeatzen dudala», esan du aste honetan bertan Etxeberriak. Emaitzek ere hala erakusten dute. Elkarren arteko kaiolako azken dema ez da jokatu zaharra, ekainean jardun zuten Adarragan, eta ultzamarra 20-15 aurreratu zen, baina egungo lau eta erdiko txapeldunak buelta eman zion partidari, 22-20.

SARI POTOLOA

Gaur Ezkurdiari irabazteak, gainera, sari bikoitza izango luke; Iker Salaberriak Erik Jakaren aurka jokatu beharreko partidari uko eginda, 22ra helduta finalerdietarako sailkatuta legoke ultzamarra. Hala izango ez balitz, beste aukera bat izango luke Salaberriaren beraren kontra. Baina honek hirugarren partidari ere uko egingo balio, haren aurkako emaitza guztiak baliogabetu egingo lirateke. Biak garaipen argiak lortzetik datoz, eta ez da faborito argirik.