Egiten duen lanak baino, moduak eta zergatiak batzen du Denendako sarea
Pertsonen zerbitzura egongo den eredu ekonomikoa bultzatu nahian, Denendako sarea aktibatu da. Lizarran eta inguruko herrietan gizarte justuagoa eta solidarioagoa sortzen lagundu nahi du, interes sozial eta kolektiboko ekimenen garapena sustatuz eta bultzatuz. Oso sare lokala da, bertako errealitateari begiratzen diona.

Duela hamar urte sortu zen Denendako sarea, Lizarran lan egin eta bizi nahi zuen jendea elkartzeko. Gero, norbanakoez harago, bide eman zitzaion jada sortuak zeuden proiektuak saretzeari eta elkarlana sustatzeari. Fase horretan sartu zen Urko Peral Lur Soinu Sistema enpresarekin. Sareaz aitortu duenez, «ideologia oso presente dago, denok gatoz mugimendu sozialetatik, eta gure lanei ikuspuntu hori eman nahi genien. Lizarran lan egin eta bizi nahi dugu, baina duin eta gustuko lanetan».
Asmo onak, ordea, ez du beti bide erraza. Amaia Prieto artisaua sareko kide da, beste bizitza bat ematen die barrika eta kupelei Barrikupel proiektuan eta, esperientziatik agian, ilusioz mintzo da egitasmoaren biziberritzeaz; «halako dinamikak joan-etorrikoak dira eta orain ari gara azken urteetan apaldu zen argi hori berreskuratzen». Nork bere proiektua izateaz gain, sarearen koordinazioan parte hartzen dute, arduraz. Diotenez, «zure proiektuaren egunerokoan izaten duzu kontaktua beste proiektu batzuekin eta ikusten duzu saretzeko beharra dagoela».
Peral eta Prieto elkarrizketatu ditugu Naiz Irratiko “Gelditu makinak” saioan. REAS Nafarroa-ko komunikazio arduradun Pitu izan dugu lagun eta proiektu propio bat izan eta sare bat osatzearen lan gehigarriaz hitz egin du. «Askotan, gakoa da: Zertarako? Zer lortuko dugu? Batzeak onurak ekarri behar ditu».
Argi geratu da Denondako sareko kideek ez dutela gogoeta egiten duten lehen aldia, berehala hartu baitu hitza Peralek: «Sistema neoliberalak dakarren ekonomia eredua konfrontatu nahi dugu. Guretzat gakoa da ekonomia sozialaren baitan lan egitea eta, gainera, eraldatzaile terminoa aplikatzea; hau da, ekonomia sozialak bere baitan du pertsonek egon behar dutela proiektuaren erdigunean, eta ekonomia garrantzitsua da, baina ez da arlo indartsuena. Gu ados gaude, baina hau baliatu nahi dugu ahots propioa izateko eta gure ingurua eraldatzeko».
Ahots propio bat zertarako? Egintzat emandakoak zalantzan jartzeko. «Zergatik onartu patronalaren prezioa lehen sektorean? Zergatik ari dira desagertzen Lizarra eta inguruetako merkatuak?». Hirurak bat datoz, hala ere, saretzeak erronka baino onura handiagoa dakarrela esatean. Pituren esanetan, «islatzen da badagoela gauzak egiteko beste modu bat, ekonomia sozial eta solidarioak, ekonomia eraldatzaileak erakusten digu badagoela sistema kapitalistatik at edo beste balore batzuekin funtzionatzeko aukera».
TOKIKO ERREALITATEA
Oro har ingurukoek non lan egiten duten galdetu eta Prietok zorrotz erantzun du: Iruñean. «Lizarraldean lehen sektoreak indar handia du, hirugarrenak ere bai. Bigarrenak ez hainbeste, baina agian sarbidea ez da oso erraza; dena oso teknologizatua dago». Nafarroako populazioaren herena pasatxo bizi da Iruñerrian, horietako gehienek bertan egiten dute lan eta beste eskualdeetako askok ere bai. Ez da joera soilik, halabeharra da. Prietoren ustez, erronka da norberaren eskualdean lan egin ahal izatea.
Esan duenez, Denondakon askotariko proiektuak daude: «Aholkularitza bat, soinura bideratutakoa, kupelen birziklatzea, nekazariak, zerbitzuak… denetarik dago, batzen gaituena ez delako egiten dugun lana, egiten dugun modua eta zergatia baizik».
Hiriko eta herriko lan-modua «batez ere erritmoan» ezberdintzen dela iruditzen zaio. «Hirian denborak kontrolatzen zaitu eta herrian zuk erabaki behar duzu denbora non inbertitu».

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
