Jon ORMAZABAL
PILOTA

Erosoa behar zuen finalerdietarako bidea erabat mikaztu zaio Altunari

Txartela ia eskuetan zuela ezkerparetaren kontra hartu zuen kolpe batek areagotu egin dizkio lehendik ere minduta zuen ezker sorbaldako oinazeak eta ostiralean ez dirudi jokatuko duenik. Hala ere, taktikoki bikain, ez zuen arazorik izan Peña garaitzeko.

Arazoak arazo, jokoan oso nagusi izan zen Jokin Altuna.
Arazoak arazo, jokoan oso nagusi izan zen Jokin Altuna. (Andoni CANELLADA | FOKU)

 

Poz iturri behar zukeen finalerdietarako txartela erabat mikaztu dio Jokin Altunari partida erabat kontrolpean zuela ezkerparetaren kontra hartutako kolpeak, areagotu egin dizkiolako lehendik ere minduta zuen sorbaldako ondoezak. Partida amaieran pilotariak ez zuen bere kezka ezkutatu eta Gasteizko ferian min hartu zuenetik minez aritu dela onartzeaz gain, nahiko argi utzi zuen ez duela ostiralean Beasainen jokatuko, finalerdietan ahalik eta hobekien egoteko. Lehen postua ziurtatuta, jokoan ezer ez du amezketarrak ligaxkako azken jardunaldian; bai, ordea, Peñak, atzo bere jokoa egin ezinda aritu zenak. Iñaki Artolarekin kanporaketa zuzen bat jokatuko du igandean Beotibarren.

Amezketarrari loa gehien sorbalda horrek kenduko dion arren, ez da zorigaiztoko kolpe horrek utzitako ondorio bakarra; izan ere, aldageletara protokoloa erabat osatu gabe joan izanak irabazteko 23 tanto egitera behartu baitzuen. Minez, epaileei baimena eskatuta -berez medikuak eskatu behar du baimen hori- baina horien oniritzirik gabe babestu zen Aspeko aurrelaria Katedraleko barrunbeetan eta haiek tanto bat kendu zioten Peñaren eta bere botileroaren protesten ostean. Ordurako partida horren hautsia zegoen, eta sorbalda horrek hainbeste kezkatzen zuen Altuna III.a, ezen kontua anekdota batean geratu baitzen, baina epaileak egungo izarrik handienarekin ausartu izanak balioko ahal du etorkizunean ere zorroztasun bera erakuts dezaten. Peñaren beraren, eta beste askoren, bolea zikinekin ez da horrelakorik gertatu, ezta partida guztietan errepikatzen diren desorduko gurutzaketekin ere. Urrutiegira joan gabe, atzoko partidan izan zen bi aurrelariek tupust egin zuten tantoren bat, epaileek ezertxo ere esan gabe.

IDEIAK ARGI

Baina horiek guztiak horrela, bere sasoi onenean egon gabe -partida hasieran nabaritu zitzaion ezker hori ez zegoela bete-betean, Peñak lautik atzera jotzera behartu zuenean- amezketarrak nahikoa izan zuen etxetik ekarritako ideiak kantxan gauzatzea, berez arriskua ikusten zitzaion partida bat erosotasunez aurrera ateratzeko.

Partida hasiera ero eta azkarrean kosta zitzaion amezketarrari partidan sartzea (4-6), egin eta desegin berak egin zuen gehien eta hasiera horretan ohikoak ez diren akats batzuk pilatuta -sake-falta edo sake-erremate erraz bat egurretara botata- kosta egin zitzaion saldoa positiboan jartzea. Baina unerik zailenetan sekulako baliabideak ateratzeaz gain -errestoarekin lortutako bi tanto zoragarriak esaterako-, lasaitu eta etxetik ekarritako hori praktikan jarri zuenean, erraz egin zuen ihes markagailuan.

Airez sartzeko aukerak murriztu eta defentsan gerria makurtzera behartzeko jokoa lurrera ekarrita, erasorako ia aukerarik gabe, erabat deskonektatu zuen oso deseroso aritu zen Peñaren jokoa.