Jon ORMAZABAL
PILOTA

Biderik traketsenetik, Egiguren finalera

Hodei Exposito 0-9 eta 2-16 aurreratu zen. Azpeitiarrak 19-17 aurre hartu ondoren, sakez falta egin eta 19-21 atzeratu zen berriz ere. Baina azken txanpan buelta eman zion partida ezin eroago bati (22-21). Zubizarreta edo Alberdi II.a izango du aurkaria.

Egigurenek hiru falta egin zituen sakez.
Egigurenek hiru falta egin zituen sakez. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Helburua finalean egotea zenez, pozik egoteko moduan da Julen Egiguren. Baina bideaz batere gozatu izanaren arrastorik gabe aurkeztuko da azpeitiarra hurrengo larunbatean Tolosara, Berrizko pilotalekua ondo baino hobeto ezagutzen zuen arren -iaz ere han lortu zuen finalerako txartela, Bakaikoari gailenduta-, biderik traketsena aukeratu baitzuen helmugara heltzeko. Pilota biribila dela esan ohi da, atzokoa bezalakoak arrazoitzeko beste argudio hoberik topatzen ez denean. Eta horrekin geratu beharko, lehia ezin aldrebesagoa izan baitzen Egiguren V.ak eta Hodei Expositok jokatutakoa.

Astigarragakoak ere ez zuen ondo lo egingo bart, horren bideratua zuen partidak ihes nola egin zion ezin asmatuta. Sakearekin min handia eginda eta pilotari eskuinez abiadura handia emanez, 9-0 eta 11-1 aurreratu zen eta, egungo txapeldunordearen erantzunik gabe, aldea 16-2ra ere luzatu zuen, uste baino askoz errazago. Agian hortxe egon zen gakoetako bat, beste partida mota baterako prestatua egingo zuela Berrizerako bidea, eta, dena horren erraz ikusita, perspektiba galdu eta amiltzea ekarri ziola.

Egigureni justu kontrakoa gertatu zitzaion: dena galduta ikusi zuenean askatu zuen barruko korapiloa, eta lehia orekatu zuelarik ihes egin zion abiadura berean.

Baina egindakoarekin nonbait konforme ez eta, finalerako bidea are gehiago korapilatu zuen azpeitiarrak, saketik bi falta eginda: lehena, hamazazpina zirela; bigarrena, 19-17 aurretik zela. Sakea berreskuratuta, Exposito finaletik tanto bakarrera jarri zen, baina finalerako txartelari berriz ere ihes egiten utzi zion.