Maite UBIRIA BEAUMONT
AZOKA BIARRITZEN

Emazte laborariek plaza hartu dute lurraman

«Gizonek lekua badute, emazteek hartu behar dute». Horra hor Biarrizko Irati erakustazokan ezarritako banderola batek ematen duen mezua. Aurten, sasi guztien gainetik, emazteek herriko laborantzari eginiko ekarpena du ardatz Lurrama azokak. Hiru egunez zabalik izango den saloiaren eskualde gonbidatua Franche-Conte da.

Asteburu euritsu baten hasieran ateak zabaldu zituen atzo, Biarritzen, laborantza herrikoiaren saloiak. Abian da, beraz, Lurrama azoka. Igande bitartean, gasna lehiaketa, kabalen erakusketak, atelierrak, hitzaldiak, bazkariak eta kontzertuak ez dira faltako Lurrama azokaren karietara.

Goizeko 10.00etatik landa bisitari anitz bertaratu ziren Irati erakustazokara. Horien artean, haur eta irakasle ugari. Lehen egunean eskoletako haurren harridura begiradak, kalakaldi etengabeak eta irriak jabetzen direlako Lurramaz.

Han ziren, esaterako, Biarrizko Victor Duruy ama eskolako haur eta hezitzaileak. Bestalde, aulki hirukoitz eta laukoitzak baliaturik, azokara ume txikiak ekarri zituzten Urketan lan egiten duten haur zaintzaile gazte bik.

Afixen bitartez lehenik eta oholtzan eginiko harrera ekitaldian ondoren, emazteek etxaldeetan duten garrantzia nabarmendu dute Lurramako kideek. Belaunaldiz belaunaldi egin duten borrokaren berri ere eman dute.

Estatu frantsesaren legeriari jarraituz, emazte laborariek 1980. urtera arte itxaron behar izan zuten, lan estatus bat izateko. Urte horretan «lanetan parte hartzen duen ezkontidearen» estatusa aitortu zitzaien. 2010. urtera arte ez zuten, ordea, berdintasunean oinarrituriko lan estatusik eskuratu. Senar-emazteek osaturiko «ustiapen amankomuneko laborantza elkartea» (GAEC) estatutu horren hedapenetik, baina baita etxaldeetan emandako dibertsifikazio prozesuari esker, «emazteak gero eta gehiago instalatzen hasi dira azken urteetan», nabarmendu zuten Lurramako antolatzaileek azokaren irekiera egunean.

Hala, Ipar Euskal Herrian, 2010ean laborantza esplotazioen %25 baino ez zuten emazteek kudeatzen. Iazko datuen arabera, egun etxaldeen %38k emazte bat dute buru.

Azken urteetan aitzinamenduak nabarmenak izan arren, gizonen eta emazteen artean arrakala handia dago oraindik. Lan ibilbidean izanen diren diskriminazio horiek lazgarriak bilakatzen dira erretreta hartuz gero.

«Emazteen erakusgarritasuna ezinbestekoa da, mentalitate aldaketak bultzatzeko eta lan egoerari buruz sakoneko aldaketak emateko», esan dute ‘‘Emazte laborariak argitan!’’ lelopean ospatzen den azokaren irekieran.

GASNA MOTA ANITZ, BAINA HORI SOILIK EZ

Aurten Franche-Comte da eskualde gonbidatua Lurraman. 50 bat ekoizle heldu dira Biarritzera, Gruyere gazta ezaguna ikur harturik. Izan ere, mostradorearen bestaldetik argitu zigutenez, «bertze mozkin anitz ekartzen ditugu, berdin ardoa, barazki zukuak, olioa edo fruituak».

Morgan Ody, Via Campesinako Europako koordinatzailea da aurtengo azokaren amabitxia. Franche-Comten sortu zen Dominique Voynet, Ekologiaren ministro ohia ere nabarmenduko du azokak.

Hain zuzen eskualde gonbidatuak ezarri duen ongi hornituriko erakusmahaiaren parez pare Lurzaindia elkartea plantatu du bere leihoa.

Bost emazte, tartean Maryse Cachenaut laborari itsasuarra eta elkartearen bozeramaileetako bat atzeman genuen mahaiaren bestaldean.

35 bat laborariei lurrak alokatzen dizkion elkarteko administrariak Isabelle Capdevillek GARAri azaldutakoaren arabera, Lurzaindiak bere lan eremuak garatzeko bidean da. Behin fundazioa sortu dutelarik, diru ekarpenak jasotzeko Lurzaindiak zabaldu duen bideari garrantzia berezia eman dio Capdevillek.

«Laborariak plantatzeko laguntza ematen dugu, lurrak erosi ondoren alokatzen ditugu, eta era berean, beste kolektiboekin batera, espekulazioaren aurka borroka egiten dugu», laburbildu du Lurzaindiako administratzaileak, aste honetan bertan oren batzuetan Polizia frantsesak atxilo hartu zituen Ostia sareko lau herritarren aldeko elkartasun hitzak aipatuz.

«Zilegia da gure engaiamendua, eta Lurraman izateko arrazoietako bat da, hain zuzen, laborantza lurren defentsan urte osoan zehar garatzen ditugun dinamiken berri ematea», gaineratu du.

LAN EGIN GORPUTZAREN ZAINTZA HARTUZ

Borroken katalogoa anitza da Lurraman. LAB sindikatua, goizean; eta Xuti gaztea, arratsaldean. Lan banaketa egin dute Lurzaindiaren mahaitik hurbil plantatu diren beste eragile bik. Gazteendako lan gida ekarri dute landa eta hiria uztartzen dituen azokara.

Hain zuzen, Hazparnen laborari izateko ikasten duten dozena erdi bat gazte, neskak gehienak, atzeman genituen emazte laborarien borrokaren ibilbidea biltzen duen afixa sortaren aurrean. Pantxika Halsouet irakaslearekin etorri ziren Biarritzera. Laborarien lana eta osasuna uztartzen duen atelier batean ari dira. «Hala nola baratzegileek gorputz keinu azkarrak egiten dituzte eta horrek ondorioak baditu, baina ahal dira ariketak ikasi, osasun kalteak saihestu eta ongi izatea bermatzea», azaldu zigun, besteak beste, ergonomiaren onurak biharko laborariei irakasten dizkien hezitzaile urruñarrak.

%100 euskal irinaz eginiko ogia

Etorkizuneko laborariak soilik ez, agian Lurramatik igaro ostean bihar okina izateko gogoa sentituko du baten batek.

%100 Euskal Herrian ekoitzitako irinarekin eginiko ogia saltzen du Herrikoa izendapenak. Baionan ikasten duten eta aldi berean okindegietan lanean diren lagunek animatutako bere tailerrak eskuz ogi-masa lantzeko gogotsu zen publiko gaztea erakarri zuen.

Ofizioen Ganbaran jarduten duen Owen kontent zen. «Espero dut ofizio honek iraun dezan premian dugun belaunaldi gaztea erakartzeko gai izanen garela», aitortu zigun.

Jendearen arreta erakartzeko abilezia berezia erakutsi zuen 'Beltza'k. Larretako giro lasaia urrun bazuen ere, harmailak betetzen zituzten lagunek sortu zuten zalapartak ez zuen txakurra gehiegi trabatu. Bere lanari txaloka erantzun zion erakustaldia amaitu eta beste kabalen berri hartzera joan zen haur tropelak.

Kosmetika produktuak, larruzko xapinak, harakin produktuak, sagarnoa, patea, pastizak... Mila bat bolondresen laguntzaz garatutako Lurrama azokan usain eta kolore askotarikoak dira. Era berean, giroa ez da falta, musika animazioari eta ostatu zerbitzuari esker.

Lurraren zaintza hartuz ekoitzitako mozkinak erosteko aukerarik bada Lurraman, baita emazteek zer esan handia duten laborantza herrikoiarekin lotura sendotzeko ere.