Jon ORMAZABAL
ULTZAMA
Elkarrizketa
Peio Etxeberria
Aspeko aurrelaria

«Egunotako amaren irria ikusteak asko betetzen nau»

Dena doa azkar Zenotzekoaren bizitzan: umea zela etxeko ganaduaren ardura hartu beharra, ezkontza, Peio txikiaren jaiotza... hain azkar, ezen bere lehen finala 25 urterekin jokatzea berandu ere iruditzen zaigun. Baina arazoak arazo eta zailtasunak zailtasun, berea su gozoan egositako ibilbidea da, nahiz eta kantxan oso pilotari oldarkorra izan.

(Iñigo URIZ | FOKU)

Peñaren aurkako finalerdia amaituta oso hunkituta ikusi zintugun. Zer da final hau zuretzat?

Bueno, bai; gauza asko pasatzen dira burutik, ez gara egunero iristen final batera. Hirugarren saiakera zen; badakit zer den beste aldea, kanpoan geratzea, eta oso polita izan zen. 22ra heldu eta burura jende asko etorri zitzaidan; familia, afizionatu garaiko eta momentu txarretan nirekin egon den jende guztia etortzen zaizu burura eta ezin emozio hori gorde.

Izan ere, zure ibilbidea, pertsonala ere, ez da erraza izan.

Hori da. Azkenean nire aita hil zenean 15 urte nituen eta momentu horretan aurrera ateratzeko gauzak ez zeuden errazak, egia esan [etxeko animalia-aziendaren kargu egin behar izan zuen Peiok halabeharrez], eta hor laguntzen egon zen jende guztiaz, amaz, anaiaz, arrebaz... oroitzen nintzen, eta irabazita une horiek etorri zitzaizkidan burura.

Lehen finala beti da berezia, eta hainbeste sufritu ostean gehiago disfrutatzen da?

Bai, bai, nik uste baietz. Izan zen ikaragarria eta orain bizitzen ari naizena ere bai. 16 pilotari hasi ginen eta orain bi bakarrik geratzen gara. Jokatu nuen bigarren mailako final bat, baina ez du zerikusirik.

Hau duzu lehena, baina inor ez du ezustean harrapatu.

Bai, nik uste prozesu bat izan dela. Azkenean lehenbiziko finalerdiak konturatu gabe ihes egin zidan; Unai [Laso] gainetik pasa zitzaidan; bigarrena, Josebaren [Ezkurdiaren] aurka, berak hobe egin zituen gauzak eta irabazi zidan. Aurten aukera polita nuen, momentu onean harrapatu ninduen.

Josebari irabaztea ere izan zen mugarri bat? Errespetu handiegia zenion?

Bai, hori da, azkenean beti izan dut ispilu bezala; berak Juan [Martinez de Irujo] izan zuen eta niretzat bera izan da erreferentzia. Eguneroko lanean beti berarekin aritu naiz. Uda honetan, sanferminetako torneoan 20-15 irabazten joan nintzen eta buelta eman zidan; uste dut bazegoela zerbait emozionala, edo momentu horretan berak gora egiten zuen, eta aurten irabazi diot, baina bigarren partean kosta egin zitzaidan ikaragarri partida ixtea, baina aurten lortu dut eta oso pozik.

Zer ikasi duzu harengandik?

Langile porrokatua da; hori lehen gauza; ez du inoiz etsitzen, beti hor dago lanean; lortu edo ez, hurrengo egunetan lanera itzultzen da. Berari ere asko kosta zitzaion final bat jokatzea, finalerdietako muga gainditzea, eta niri ere kosta zait 3 urte, baina hortxe nago.

Zaharra zarela ematen du eta 25 urte baino ez dituzu.

Bueno, igual gaizki ohitu gara; Juan, Aimar, Irribarria eta Altuna bakarrak izan ziren eta beste pilotari guztien kasuan prozesu bat behar da, eguneroko lana, eta, hori eginez gero, saria lor dezakezu. 25 urte ditut, eta uste dut ez dela hain berandu.

Izan ere, zuk dena egin duzu azkar, erantzukizunak azkar hartu behar izan zenituen, ezkondu ere gazte, aita zara...

Bueno, tokatu zaidana. Azkenean, bizitza hala etorri zait. Zortea izan dut bikotekide on bat topatu eta pausoa ematearekin; hori ez da aukeratzen, azkenean momentu horretan etortzen da eta egin dudan gauzarik onena da niretzat. Halako bizia nahi nuen.

Kantxan ere helduago ikusten zaitugu, beste patxada batekin, erabakietan asmatuz.

Hori izan da agian pausorik handiena. Ez da izan arrazoi zehatz bategatik, prozesu bat izan da. Orain tokatu zait, uda on batetik nentorren, erabakiak ondo hartzen.

Uda ona aipatu duzu, baina torneo handietatik kanpo ibili zara.

Bueno, banekien zer zegoen. Gure enpresako capoak Jokin [Altuna] eta Joseba [Ezkurdia] dira, eta gero Aitorrek [Elordi] Binakakoa irabazi zuenean, tira, baina gero Buruz Burukoa ere irabazi zuenean oso argi nuen udako torneoetan kanpoan geratuko nintzela. Baina banekien jartzen zizkidaten partidetan ahalik eta hobekien jokatzea zegokidala eta hala egin nuen.

Binakakoan egoteko ez zenuke arazorik izan behar ala?

Ez dago nire esku. Pilotari on asko gaude enpresan. Argi dago hiruk lekua ziurtatuta dutela -Altunak, Ezkurdiak eta Elordik- eta laugarren horrek irabazi behar duela postu hori. Ni nirea egiten ari naiz eta postu hori irabazten saiatzen.

Mastersa jokatu ez duen bakarrenetako bat zara eta inpresioa daukat pilotari dezente ez direla sasoirik onenean heldu Lau eta Erdikora.

Agian ni naiz Mastersean egon ez denetatik partidarik gehien jokatu duen pilotaria; hori ez da aitzakia. Partida asko jokatu ditut, uste dut irailean 10 izan zirela, orain urrian beste 7, abuztuan ere 9; partida asko jokatu ditut. Agian ez dira izan Mastersekoen intentsitate berekoak, baina niretzat oso garrantzitsuak izan dira, azkenean hor irabazi dut nire lekua.

Ez dago lo hartzerik, denak prestatzen gara berdin, asko prestatzen gara, eta batek pixka bat beherantz egiten duenean beste bat etorri eta zure postua hartzen du azkar.

Nire ustez, txapelketako pilotaririk onena izan zara; arazoa da finala geratzen dela.

Hori da. Azkenean finalerdietara sekulako jokoarekin heltzen zara, baina galdu eta kanpoan geratzen zara. Orain gauza bera da; hemen bukatzen da txapelketa hau, egun horretan, eta arratsaldeko seietan han egon behar gara ondo.

Jokini neurria hartuta zaudela dirudi, irabazi izan diozu. Balio du horrek zerbaitetarako?

Ez, berarentzat zortzigarren finala izango da lau eta erdian, eta nire lehena da. Orain arte bere aurka irabazitako partida batean bera lesio batetik irten berria zen, beste batean ez zuen bere maila eman... badakit ze Jokin etorriko zaidan, hori oso argi daukat. Berak esaten du ez dagoela ongi, sorbaldako minarekin helduko da... baina beste egunean ez zegoela ematen zuen baina 22ra heldu zen. Azkenean Jokin badakigu nor den, izango ditu bere arazoak, baina hori ez da nire arazoa eta badakit berak dena emango duela. Oso argi daukat.

Gainerakoan, zure egunerokoa nolakoa da? Entrenatzea lanetako bat da, baina gehiago dituzu, eta ez nolanahikoak.

Bueno, bai, eguneroko lehen gauza emaztearekin eta semearekin gosaltzea da. Gero entrenatzera, hori da nire errutinetan garrantzitsuena, eta gero baditut entretenimendu batzuk, animaliak-eta zaindu etxean, leku batetik bestera ibili haiekin eta badut non lan egin. Oso ondo egiten didate, azkenean, momentu onetan bai, baina batez ere txarretan, burua askatzen dizute; badakizu pilotarekin ez dela bizia amaitzen, ez dela garrantzitsuena eta horrek behintzat ni lasaitu egiten nau.

Animaliek ez omen dute jaiegunik ematen; finalaren aurreko astean ere ez?

Hori da, azkenean nire errutina da joatea, haiekin egotea... denbora asko ematen dut animaliekin eta hori ez da aldatu behar; aldatuko banu, txarra litzateke ziurrenik. Badut lagun bat lan asko kentzen didana. Egunerokoan ezin dut denera heldu eta bera joaten da.

Beste zaletasunik?

Ezer apartekorik ez. Ehiza gustatzen zait. Oraintxe da ehiza garaia; oraindik ez naiz joan, baina joango naiz. Txakurrekin mendian ibiltzea asko gustatzen zait, oilagorretara, eta ez daukat beste askorik. Lehen pilotari asko ehiztariak ziren; orain ez dakit askorik dagoen, baina ni, bai. Gainera, emaztearen etxean badira txakur onak eta gustura joaten naiz.

Ez zarete bizilagun asko, baina Ultzama inguruan girorik ere nabaritzen da?

Familian, etxean bertan, sekulako ilusioa dago. Egunotako amaren irri hori ikusteak ni asko betetzen nau. Niretzat garrantzitsuena etxekoak dira eta nabarituko da, bi aste hauetan herrian ziur izango dela giroa eta gauza polita izango da. Bilbo ez dago oso gertu, baina giro polita izango dela uste dut. Finaletan beti egoten da eta lehena izanda espero hala izatea. Sarreren kontua-eta lagun batek darama.