GARA
GASTEIZ

Euskaraz egitera gonbidatuko dute Euskal Herriko 1.718 kutxazainek

Bankoa-Abanca, CaixaBank, Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxak «euskararen erabilera sustatzeko eta bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko» ekimenak aurkeztu dituzte. Kutxazainetan euskara erabiltzeko mezuak zabalduko dituzte.

Bost finantza entitatek eta Lakuak aurkeztu zuten kanpaina.
Bost finantza entitatek eta Lakuak aurkeztu zuten kanpaina. (Jon URBE | FOKU)

Finantza entitateetan euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko abian jarri dituzten ekimenen berri eman zuten atzo, Donostian, Bankoa-Abanca, CaixaBank, Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxako ordezkariek, «euskararen erabilera sustatzeko eta bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko».

Azaroaren 17tik abenduaren 3ra arte, hots, Euskararen Nazioarteko egunera arte, bost entitate hauek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dituzten kutxazain guztietan mezu bera agertuko da: «Kutxazainetan ere euskara aukeratu. Bai, oso erraza da ;)». Halaber, Laboral Kutxak eta Kutxabankek Nafarroan dituzten kutxazainetan ere azalduko da. Modu horretan, kutxazainak euskaraz erabiltzeko gonbita egin nahi diete bezeroei. Kanpainak zabalkunde handia izango du, 1.718 kutxazainetan ikusi ahal izango delako mezu hori.

Ez da, hala ere, martxan jarriko duten ekimen bakarra. Euskaraz tratatua izan nahi duen bezeroari kalitatezko zerbitzua bermatzeko gida banatuko diete entitate hauek EAEn dituzten langile guztiei, 4.615, guztira. Nafarroan, Laboral Kutxak eta Kutxabankek dituzten langileek ere gida jasoko dute.

Elkarlanean adostutako gida bat da, eta bost finantza entitate hauetako langileek baliatuko dute, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko helburuarekin. Gidak jarraibideak ematen ditu euskaraz jarduteko hautua egiten duten bezeroak hartzeko, eta sarritan sortzen den «estres linguistikoa» ekiditeko laguntza emango dio langileari.