«Oinarri ona dugu, onuretan sinetsi eta apustu egiteko»
Bai Euskarari elkarteak Enpresarean foroa egin du berriki Donostian. Euskal Herrian adimen artifizialaren egoera zein den eta zer aukera eskaintzen dizkigun aztertu du, baita noraino eta zein baldintzatan hedatzea nahi dugun ere. Datuen pribatutasuna, plagioa, lanaren eraldaketa, hizkuntza, AAren alderdi gizatiarra... gai ugari jorratu dituzte adituek, elkarri erantzunez eta kontra ere argudiatuz.

Euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta profesionalen arteko harremana bultzatzen du Enpresareanek, Bai Euskarari Elkartearen barnean. Miramon parke teknologikoan egindako azken topaketan, hain boladako dagoen adimen artifizialaren gaiari heldu zioten zenbait adituk.
Lehenengo mahai inguruko solaskideak Ane Iturzaeta Microsoften ari den hodei arkitektoa, ChatGPT eta halako AA generatiboetan bete-betean dabilena; Mikel Artetxe, Reka AI konpainiaren eta itzultzaile automatiko gainbegiratu gabearen sortzaileetakoa; eta Mikel Maiza, Vicomtech-en Energia eta Industria Prozesuetarako Datu Adimen sailean aritzen den ikerltzailea, izan ziren.
«Ekosistema bat behar dugu AA ondo hedatzeko: beharra duten enpresak, behar hori hornitzen dutenak, horretan aritzen diren ikerketa zentroen sarea, ondo finkatutako akademia eta hezkuntza... Hori guztia ondo ezarrita dago eta bidea egiteko aukera oso ona dugu», adierazi zuen Maizak. Teknologiaren kontsumitzaileak izateaz gain, ekoizleak gara. Vicomtecheko ikertzaileak itzultzaile automatikoen adibidea jarri zuen: «Badago oinarrizko teknologia bat aurretik sortuta dagoena, baina moldatu eta garatu egin behar da. Hori hemen egin da, eta oso ondo funtzionatzen du».
ARAUTU ETA SORTU
Kezka sortzen du datuen erabilerak, eta horren inguruko arau ugari dago. Iturzaetak beharrezko ikusten ditu. Bere ustez, teknologiaren abiadura izugarriak blokeatzen gaitu. «Gauzak egin nahi ditugu, elkartzen ari gara, eta hori oso inportantea da, baina ezin dugu oraindik azeleratze hori egin, edo ez gara ausartzen».
Reka AIren fundatzailea ez da arautzearen defendatzailea. «Nik uste dut falta dela esatea, araudi bat atera behar badugu, zehazki zein diren arriskuak eta nola mugatuko dituen araudi horrek. Konpainia estatubatuarrak dira nagusi; Europak arautu eta isunak jartzen ditu. Nahiko nuke bertakoa den zerbait bultzatzea ere».
GUZTIONTZAT DA ONA?
Ekitaldiaren bigarren zatian, Fisikan graduatua den eta Zientzian eta Filosofian masterra egina duen Irati Berasategi eta Josu Bilbao Ikerlaneko Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologien unitateko zuzendaria mintzatu ziren. Onuragarritasuna eskuragarritasunarekin lotu zuen Berasategik; eta denok teknologia horretara iristeko aukera berak ez baditugu, ezberdintasunak handituko direla baieztatu zuen Bilbaok. «AA gure jendartearen isla da, baina artifizialki sortutako datuetan aniztasuna bila dezakegu, AA horiek gizartea baino anitzagoak izateko», proposatu zuen fisikari eta filosofoak.
Ikerlaneko langileak azaldu zuen AA gomendioak emateko erabiltzen dela, baina aurki erabakiak hartzera igaroko dela. «Horrek ez du esan nahi fidagarritasuna txikituko denik, alderantziz». Osasun munduan sekulako aukerak ikusten ditu. Psikologo birtual batengana joanen liratekeen galdetu zien foroko partaideei.
AA gelditzeko etorri da, eta nahiz eta humanoa defendatu, eraldaketa batean gaudela eta dituen onuretan sinetsi eta apustu egin behar dugula adierazi zuen Berasategik.

Muy del partido, perfil institucional y con algún borrón en el expediente

EH Bildu da una última oportunidad a PNV y PSE para corregir el proyecto

El PNV fulmina a Urkullu y la noticia salta con apariencia de descontrol

El EBB elige a Pradales para tapar su crisis y el agujero que deja Urkullu
