GARA
GASTEIZ

LABek Gasteizko Michelinen «jazarpena» salatu du

Gasteizko Michelinek «azken urteotan izan duen bilakaera autoritarioa» salatu du LABek, zigor mailaketa eta kopurua handitu direlako, «gaur-gaurkoz larriak eta oso larriak direnak gehienak». «Langileak beldurtzeko dinamika bati erantzuten» diola uste dute.

Michelin Gasteizko langileen batzarra, ekainean.
Michelin Gasteizko langileen batzarra, ekainean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Aurten Gasteizko Michelin lantegian izan diren grebetan parte hartu duten pertsonen artean diziplinazko 13 kaleratze izan direla deitoratu zuen atzo LAB sindikatuak ohar baten bidez. Hortaz, enpresaren «jazarpena» eta «azken urteotan izan duen bilakaera autoritarioa» salatu ditu sindikatuak. Aurten 2012 eta 2018 urteen artean baino kaleratze gehiago izan direla ziurtatu zuen.

Gainera, zigor arinak aplikatzetik santzioen mailaketa handitzera eta zigor gehiago jartzera igaro direla azaldu zuen sindikatuak, «gaur egun gehienak larriak eta oso larriak direnak».

Joan den ekainean Michelinen lantegietan sinatutako hitzarmen berriaren aurka agertu zirenen artean Gasteizko langileak izan ziren bakarrak, eta negoziazioa egiten ari zen bitartean lau greba egun egin zituzten.

Helburua «langileak beldurtzea» dela uste du LABek. Jarrerak «dinamika bati erantzuten» dio eta, «halako neurri traumatikoekin batera, matrizeak Gasteizko instalazioarekiko konfiantza galtzea adierazten du etengabe».

«Non geratzen dira multinazionalak hainbeste predikatzen dituen balioak? Horri buruz ari dira pertsonak erdigunean kokatzeaz ari direnean?», galdetu zuen LABek.

Zehazki, gertakari hauek Gasteizko lantegiak lantokiarteko batzordetik ateratzea erabaki zuen erreferendumaren ondorio dela uste du sindikatuak. Lantokien arteko batzordean enpresa «oso eroso» zegoen, «Estatu mailako zenbakiak hobeak baitzaizkio bere interesetarako».