AMALUR ARTOLA
DONOSTIA

Deserria eta itzulerak, Eneko Aizpuruaren «Gaueko expressoa»-n

Eneko Aizpuruaren ‘‘Gaueko expressoa’’ eleberriak deserriaren minak eta itzulerek pizten dituzten sentipenak ditu protagonista. Bizi ezintasuna, familia eta «inork entzun nahi ez dituen egia deserosoak» aurkituko ditu irakurleak.

Eneko Aizpurua, liburu berria eskuan.
Eneko Aizpurua, liburu berria eskuan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Eneko Aizpurua lazkaotarraren nobela berria da ‘‘Gaueko expressoa’’ (Alberdania). Egileor ikertzailearen trilogiaren ondoren, eleberri beltzetik urrundu eta deserriak eta itzulerek pizten dituzten sentipenak hizpide ditu.

Miguel Barros portugaldarra da eleberriko protagonista nagusia. 70eko hamarkadan, Salazarren diktaduratik ihesi, Antonio lagunarekin batera Portugaldik alde egin zuen Barrosek «Parisko paradisura» bidean, baina, Bidasoko muga zeharkatu ezinik, ez aurrera ez atzera geratu zen Euskal Herrian. Aizpuruak zehaztu zuenez, Antonio lagunaren arrastoa galdu egingo du Bidasoko zeharkaldi klandestino horretan, eta bere bizitza berregingo du euskal lurraldean.

Bizi duen egunerokotasuna bat-batean hautsiko da gutun bat jasotzen duenean: Antonio lagunak gaixotasun sendaezin bat du. Harekin elkartzeko asmoz, Barros itzuli egingo da Portugalera.

Irakurleak Barrosen eta bere ingurukoen ahotik jarraituko du kontakizuna. Aizpuruak adierazi zuenez, orrialdeotan «familia baten gainbeheraren kontakizuna» harilkatzen da: «Inork entzun nahi ez dituen egia txiki eta deserosoen eta sentimendu kontraesankorren berri ematen dute, politikoki batere zuzena ez den moldez. Norberaren herrian eta deserrian errotzeko zailtasuna, laguntasuna eta zeharka euskal gatazka deiturikoa» ere badira eleberria zeharkatzen duten gaiak.

Irakurleak nobelan «egia biribilik» topatuko ez duela ere iragarri zuen: «Bakoitzak bere ondorioak atera beharko ditu kontakizuna irakurri ondotik. Egileak berak ere, idazterakoan, erantzunen ordez galderak izaten ditu, eta galderen aurretik hutsune bat. Eta hortik sortu da nobela hau».