GARA
DONOSTIA

EH Bilduk EAEko Hezkuntza Legearen aurka bozkatuko du

EH Bilduren oinarriek berretsi egin dute Mahai Politikoak EAEko Hezkuntza Legearen kontra bozkatzeko eginiko proposamena: %95,74k babestu dute proposamena. Gaur Parlamentuko Hezkuntza Batzordean lege-proiektua eztabaidatu eta onartuko da, ustekaberik ezean.

Ikoitz Arrese, EH Bilduko Hezkuntza idazkaria.
Ikoitz Arrese, EH Bilduko Hezkuntza idazkaria. (Endika PORTILLO | FOKU)

EAJk eta PSEk adostutako Hezkuntza Legearen aurka bozkatuko du EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean, bere oinarriek Mahai Politikoaren proposamena babestu baitute.

Astelehen arratsaldean egin zuen koalizioak batzarra bere oinarriekin, eta bertan azaldu zizkien ezezko botoa emateko arrazoiak eta Legebiltzarrean legearen tramitazioa nolakoa izan den. Horren ondoren, bilkideek bozkatu ahal izan zuten, astelehenean hasi eta atzoko 19.00ak arte.

Koalizioak ohar batean jakinarazi zuenez, Mahai Politikoaren proposamena bilkideen %95,74k babestu dute eta %3,01ek aurka egin dute. %1,24k boto zuria eman dute. Botoa emateko eskubidea zeukaten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bilkideen %41,2k parte hartu dute bozketan.

Horrenbestez, eta oinarriek zuzendaritzaren proposamena babestuta, EH Bilduk Lakuako Gobernuko bi kideek adostutako Hezkuntza Legearen aurka bozkatuko du.

Koalizio independentistak legearen aurka bozkatzeko eman duen arrazoietako bat izan da legea tramitatu bitartean «bertan behera» utzi direla «Hezkuntza Akordioan gehiengo parlamentario zabalak adostutako oinarrizko printzipioak».

Arnaldo Otegi koordinatzaile orokorrak atzo goizean bertan kritikatu zuen Hezkuntza Legea «korrika eta presaka» onartuko dela EAJ eta PSEren botoekin bakar-bakarrik, «jardunean dagoen Gobernu batekin» eta «datozen hauteskundeetan egongo ez den lehendakari batekin». Jeltzaleei leporatu zien PSEren aurrean «makurtzea» eta ohartarazi zuen legeak aldatu egin daitezkeela, eta aldatu egingo direla.