Garraio publikoaren tarifak igotzearen aurkako elkarretaratzea
Bilboko Metroaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea eginez, urtarrilaren 14tik aurrera garraio publikoan beherapen gehienak amaitu egingo direla salatu zuten atzo. Neurri horrek bizitza garestitzen duela eta trantsizio ekologikoaren aurka doala adierazi zuten.

Hainbat erakunde sozial, ekologista eta sindikalek deituta, ehun pertsona inguru bildu ziren atzo Bilboko Metroaren egoitzaren aurrean, urtarrilaren 14tik aurrera Bizkaiko garraio publikoan azken urtean izandako deskontu gehienak amaituko direla salatzeko.
Pedro Sanchez buru duen Gobernuak garraio publikoko deskontuen luzapena iragarri zuen joan den astean. Dekretu horren arabera, Estatuak %30eko deskontua finantzatzen du, administrazio autonomikoek eta toki-administrazioek beste %20 finantzatzen badute. Horrela izan da azken urtean.
Orain, ordea, EAJ eta PSEk gobernatzen dituzten EAEko administrazio publikoek beherapen gehienak ez luzatzea erabaki dute. Horrela, urtarrilaren 14tik aurrera hileko abonuek bakarrik izango dituzte deskontuak. Adibidez, Bilboko metroan, Abandotik Plentziarako metro-bidaia egungo 62 zentimotik 1,23 eurora igaroko da; Abandotik Portugaletera, 57 zentimotik 1,13 eurora; Boluetatik San Inaziora, 48 zentimotik 96ra. Bizkaibusen eta Bilbobusen antzeko igoerak izango dira.
Horrek «langile klasearentzako zama handiago bat» suposatuko duela salatu zuten atzoko elkarretaratzean. Gainera, trantsizio ekologikoaren aurkako neurria dela nabarmendu zuten, «honek garraio publikoaren erabilera murriztea eragingo duelako».
Ildo horretan, salatu zuten Bizkaiko Aldundiak 450 milioi euro gastatuko dituela itsasadarraren azpitik Getxo eta Portugalete lotuko dituen autobia berrian: «Argi ikusten dugu zelan Diputazioak garraio publikoaren aurka egiten duen eta ibilgailu pribatuaren alde». Izan ere, Aldundiak berak onartu zuen autobia berri honekin autoaren erabilerak %33 gora egingo duela.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
