GARA
DONOSTIA

Elikagaien garestitzeak dieta orekatu eta osasuntsua izatea zailtzen du

Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) txosten bat argitaratu du, EAEn 2021eko urtarriletik 2023ko abuztura bitartean oinarrizko elikagaien salneurriek izan duten bilakaerari buruz. 2022a da prezioak gehien igo ziren urtea eta, oro har, 2023an inflazio joera moteldu egin da, prezio batzuen jaitsiera eta egonkortzearekin.

Esnea izan da gehien garestitu den produktua.
Esnea izan da gehien garestitu den produktua. (FACUA)

2021eko urtarriletik 2023ko abuztura bitartean oinarrizko elikagaien prezioek inflazioaldi bat izan dute. Horrek kontsumitzaileen erosteko ahalmena murrizten du; kasurik onenean, kontsumo-eredua aldatu eta eskuragarriagoak edo kalitate txikiagokoak diren produktuak hautatzera behartzen ditu, eta, okerrenean, elikadura osasungarri eta orekatua izatea zailtzen die, txostenak nabarmentzen duenez.

«Gerta daiteke enpresa batzuk inflazioaldiaz baliatzea lehiaren aurkako estrategietan erortzeko edo irabazi-marjinak kostuen igoeraren gainetik handitzeko», dio txostenak. Horregatik, LEAk beharrezkotzat jo du «prezioen etengabeko jarraipena egitea eta ikusitako igoeren atzean egon daitezkeen arrazoiak aztertzea».

Azterlanaren arabera, hautatutako elikagaien kontsumo prezioen indizea (KPI) %18 eta %50 artean igo zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. «Antzekoak badira ere, zifrak Espainia osoan ikusitakoa baino pixka bat txikiagoak dira». Zehazki, aztertutako aldian gehien garestitu den produktua esnea da (%49,5). Ondoren, arrautzak (%42) eta, urrunago, behi-okela (%23,2), ogia (%19) eta hegazti-haragia (%18,9). Prezio igoerarik txikiena arrain freskoak eta izoztuek izan dute (%18,2).

Oro har, patroi ohikoena ekoizpen fasean izandako igoera handia da, zeina pixkanaka gutxitzen doan txikizkako banaketa fasera iritsi arte. Salbuespenak badaude, hala nola arrainaren handizkako banaketa fasean, non txikizkako banaketa fasean erregistratutakoak baino hazkunde txikiagoak ikusten diren. Arrautzen eraldaketa fasean aurreko fasean baino askoz handiagoa izan da igoera, eta esnearen txikizkako banaketa fasean, eraldaketa fasean izandakoa baino igoera handiagoa ikusten da. «Hala ere, anomalia horietako bat ere ezin izan da lotu lehiaren aurkako jokabideekin», dio txostenak.

2022AN, IGOERA HANDIENA

Aztertutako aldiari dagokionez, kausa posibleak aztertuta, azterlanak azpimarratzen du, oro har, 2022an izan zela igoera handiena izan zuen urtea. Ondorioztatzen du, beraz, «Ukrainako gerraren hasierak lehengaien eta energiaren pre- zioetan eragindako igoera izan dela ekoizpen, eraldaketa eta banaketa prezioen igoeraren arrazoi nagusia, eta igoera horiek, kasu askotan, ez zutela aurrekaririk».

2023ari dagokionez, dokumentuak agertzen duenez, kasu gehienetan inflazio joera moteldu egin da, produktu batzuen prezioak egonkortu egin baitira, baita jaitsi ere. Hala ere, beste batzuek, hala nola txarkuteriak edo esneak, gora egiten jarraitu dute azken hilabeteetan, modu neurrizkoagoan bada ere.