GARA
SANTURTZI

Santurtzin hildako garraiolariaren ezbeharra salatu dute sindikatuek

LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atzo Santurtziko udaletxe aurrean, asteartean porturako bidean istripuan hildako garraiolaria gogoratzeko eta ezbehar hauek langileon lan baldintza «kaskarren» ondorio direla salatzeko.

Santurtzin atzo egindako elkarretaratzea.
Santurtzin atzo egindako elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Joan den asteartean Bilboko Portura zihoala Santurtzin istripuan hildako 54 urteko garraiolaria gogoratzeko eta halako istripuak sektorearen lan baldintza «kaskarren» ondorio direla salatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo LAB, ESK, Steilas EHNE eta Hiru sindikatuek udaletxe atarian.

Sektorea «gero eta zaharragoa» dela esan zuten sindikatuek. «Ez dago erreleborik, gazterik ez da hasten garraioan lan baldintzak ez direlako onak eta hori oso arriskutsua da, bai garraiolarientzat beraientzat eta baita errepidean gabiltzan beste guztientzat ere», gaineratu zuten. Izan ere, 2023an Euskal Herrian zortzi garraiolari hil direla gogoratu zuten.

Astearteko istripuaz honakoa adierazi zuten: «Barruan hilda zegoen garraiolaria. Nekeak edo osasun arazoren batek eragin zuen segur aski istripua. Kamioitik atera ez bazen argi dago konortea galdu zuela aurretik. Asko dira bihotzeko arazoak dituzten garraiolariak».

Santurtziko ezbeharra trafiko istripu gisa ez hartzea nahi dute, lan istripua izan delako «argi eta garbi». «Behin eta berriro adierazi dugu lan istripuak direla, ez daitezela lan istripuen estatistika ofizialak murrizten saiatu, heriotza natural edo errepideko ezbehar gisa hartuta. Sarri lan baldintza kaskarren ondorio dira istripuak; bezeroek eragindako presa eta presioek, nekeak, ordutegi estuek, estresak, lanaldi luzeek, soldata justuek, azken finean atseden hartzeko eta lasai gidatzeko zailtasunek eragiten dituzte istripu hauek», adierazi zuten.

Administrazio guztien ardura» dela uste dute, eta neurriak hartu beharrean «beste aldera begiratzea» leporatzen diete, «garraio merkea bultzatzen baitute».

Horrez gain, Hiru sindikatuak garraiolariek 60 urterekin erretiroa hartzeko aukera izan dezatela eskatzen du, «beste lanbide arriskutsu batzuek daukaten bezala, esaterako suhiltzaileek edo poliziek». Gaitz kardiobaskularren kopuru altua lan osasun eta prebentzio beharretan aintzat hartzeko ere exijitzen du.

CCOO sindikatuak handik ordu erdira egin zuen elkarretaratzea, toki berean. Bertan, Santurtziko istripua eta asteartean bertan Trapagarango beste langile bati bizia kendu ziona «sakon» ikertzeko eskatu zuen sindikatuak.