Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak greban daude berriz ere
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizarte ekimeneko hezkuntzako langileek greba eguna izan zuten atzo. 9.000 lagun zeuden lanpostua uztera deituak, 23.000 ikaslek antzeman zuten eragina. Oraindik beste bederatzi mobilizazio egun dituzte aurretik urtarrilean eta otsailean.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizarte ekimeneko hezkuntzako langileek pikete informatibo eta kalejira artean eman zituzten lehen greba orduak, sindikatuek Europa Press agentziari adierazi ziotenez.
Atzokoa ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilasek urtarrilerako eta otsailerako deitu dituzten hamar greba egunetako lehenbizikoa izan zen. Asteartean azken bilera egin zuten Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalekin, baina ez zuten lortu ados jartzerik.
Atzo, denera, 9.000 langile zeuden lana utzi eta protesta egitera deituak, bai eta gaur, urtarrilaren 23, 24 eta 25ean eta otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20an ere. 130.000 ikasleri eragiten diete mobilizazio hauek.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan barna zabaltzen hasi ziren mobilizazioak goizean goizetik. Gasteizen eta Donostian pikete informatiboak egin zituzten; Bizkaian, ostera, kalejirak. Bilbon, hainbat zutabe Eskolapioen eskolan batu eta manifestazioan joan ziren Gran Vian dagoen Hezkuntza Ordezkaritzaraino.
Sindikatuek azaldu zutenez, grebaren partaidetza aurreko deialdietan izandakoaren antzekoa izan zen, %65 ingurukoa alegia. Kristau Eskolak, aldiz, %16,31ra murriztu zuen kopurua, 108 ikastetxek emandako datuetan oinarrituta. Ezarritako «abusuzko» gutxieneko zerbitzuak kritikatu zituzten sindikatuek, bereziki hezkuntzan laguntzeko adituen kasuan.
KRISTAU ESKOLAKO ZUZENDARIA, NAIZ IRRATIAN
Kristau Eskolako zuzendari nagusia, Maria Eugenia Iparragirre, NAIZ Irratian solasean izan zen. Adierazi zuen aukera bat galdu zutela, zoritxarrez, asteartean sindikatuekin izan zuten bileran. «Ezinbestekoa dugun akordioa lortu gabe irten ginen. Aitortzen dut ardura partekatu bat dela. Bileretan behin eta berriro eskatzen ari ginen mobilizazioak eteteko, baina sindikatuek ez diete inoiz protestei uko egin, eta ikastetxeetan greba deialdia gauzatzen ari da».
Ez zuten datarik itxi hurrengo bilerarako, baina, Iparragirrek baieztatu zuenez, bi aldeek prestutasuna agertu zuten elkartzen jarraitzeko.
Erosahalmena aldarrikatu zuten sindikatuek. Kristau Eskolako zuzendariaren arabera, aurreko asteazkenean mahai gainean jarri zuten proposamena oso ezberdina da, hasierakoarekin alderatuz. «Ikastetxe publikoen parean egoteko aukera ematen digu, ondorioz, eduki dezakegun aukera bikain hau galtzeko arriskuan gaude, horrek suposatzen duen diruarekin. Proposamen hori hobetu genuen ostiralean eta, are gehiago, asteartean. Milioi askori buruz ari gara. Horrek hobekuntza nabaria bermatuko luke».
«MUGA BAT DAUKAGU»
Ikastolen mahaian lortu dute aurreakordio bat, ikastolako kategoria guztietako langileek sistema publikoan dabiltzanen soldata bera izatea helburu duena. Bideragarria al da gauza bera gizarte ekimenean? Iparragirrek esplikatu zuenez, herenegun mahai gainean jarri zuten proposamenean soldata parekoa zen. «Itunpeko langileon soldatek ezin dute funtzio publikoko langileenen gainetik egon; hor daukagu muga».
«Ostiralean, zehaztapenak idatziz pasatzeko eskatu genien sindikatuei, eta ez genuen ezer jaso. Guk, aldiz, lehen egunetik ekarri genituen zehaztapenak, diferentzia non dagoen ikusteko», defendatu zuen.
2012tik 20.000 matrikulazio gutxiago dituzte EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetan, eta hemendik 2034 arteko zenbakien aurreikuspenak oso txarrak dira. Iparragirrek nabarmendu zuenez, enpleguei eustearekin arduratuta daude.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
