Jon ORMAZABAL
PILOTA

Arnasa puska bat hartu dute Elordik eta Rezustak Mungian irabazita

Peio Etxeberria ez zen Gasteizen bezain fin aritu errematean eta Zabaletak ere ez zuen espero bezainbeste agindu eta azkenerako sei pilota ere galdu zituen. Mallabitarra eta bergararra hasieratik gehiago izan ziren eta bolada txarra eten zuten.

Aitor Elordi askoz zorrotzago aritu zen.
Aitor Elordi askoz zorrotzago aritu zen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Azken sei partidetan puntu bakarra batuta, behar puntu handi samarrarekin heldu ziren Aitor Elordi eta Beñat Rezusta Mungiara eta, lanak erraza ez zirudien arren, arnasa puska bat hartu zuten, orain arteko euren bide zuzenetik desbideratu ziren Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaletari 22-16 irabazita. Garaipen honekin, mallabitarrak eta bergararrak euren bosgarren puntua eskuratu zuten eta egoera eroso samarrean dira sailkapenean, lehen fasea amaitzeko lau jardunaldi besterik geratzen ez direnean. Atzo galduagatik ere, nafarren bigarren postuak, momentuz, ez dirudi arriskuan.

Azkenerako partida dezente gogortu zen arren, hasieratik gorriak gehiago izan ziren. Gustuko pilotalekua du Mungiakoa Jose Javier Zabaletak, bertan emaitza onak lortutakoa da etxarrendarra, baina atzo ez zuen espero zena agindu atzeko koadroetan; Rezusta bera bezainbeste, edo gehiago, izan zen; partida aurreko koadroetan erabaki zen eta hor Aitor Elordi askoz zorrotzago aritu zen Peio Etxeberria baino.

Mallabitarrak min egin zien boleaz ultzamarra kontrakantxara bidaliz eta ezker gantxoarekin ere ondo topatu zituen angeluak, Zenotzekoak atzo ez bezala. Gasteizen igandean asko asmatu zuen, baina atzo kamutsago aritu zen aukerak izan zituenean eta azkenerako ordaindu egin zuten.

ZABALETA GALTZAILE

Gauzak horrela eta Zabaletak ere ohi baino pilota gehiago galduta -azkenerako sei pilota ere bota zituen eta bien artean 11 izan ziren galdutakoak-, gorriak oso aurretik heldu ziren lehen atsedenaldi luzera (12-5).

Hala ere, euren egunik distiratsuena izan ez zuten arren, lanarekin eta partida gogortuz, Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta partida orekatu eta markagailuan asko gerturatzeko gai izan ziren, bi alditan hiru tantora gerturatuz, (12-9 eta 14-11).

Oso tanto gogorrak izan ziren hurrengoak, baina Peio Etxeberria ez zen egoerak eskatzen zuen bezain zorrotz aritu errematean eta mallabitarrak eta bergararrak berriz ere zazpi tantoko aldea lortu zuten bigarren atsedenaldi luzearen aurretik. Nafarrek ez zuten amore eman horratik eta azkenera arte borroka egin zuten puntua lortzeko, baina Aitor Elordik tantoak amaitzen bere aurkariak izan ez zuen erraztasuna erakutsita, balio handiko puntua eskuratu zuten gorriek.

Atsedenerako denbora gehiagorekin, bi partida garrantzitsuri egin beharko diete aurre hurrengo jardunaldian; Elordi-Rezusta ostiralean Hendaian Peña-Albisuren aurka arituko dira, eta nafarrak Jaka-Mariezkurrenaren kontra, Labriten, larunbatean.

Aurretik, ordea, hamargarren jardunaldi hau osatu beharko dute gainerako bikoteek. Gaur ez da lehen mailako jaialdirik izango eta bihar bi partida jokatuko dira; Jaka-Mariezkurrena/Artola-Imaz Iruñean eta Laso-Aranguren/ Peña-Albisu Durangon.