Astebete iraun duen A63ko blokeoari amaiera eman diote euskal laborariek
FDSEA eta Laborari Gazteak 64 sindikatuen aginduari jarraituz, hamarnaka laborarik urtarrilaren 23an Baionako Hubert Touya zubian abiatu zuten blokeoa amaitu da. Lapurdiko hiriburuaren parean, gau eta egun A63 autobidea itxita atxiki zuten traktoreek haien etxaldetarako bidea hartu zuten, finean, atzo arratsaldean.

Joan zen asteartean, urtarrilaren 23an, Ipar Euskal Herrira heldu zen egun batzuk lehenago Okzitanian haien lanaren truke diru-sarrera duinak galdetzeko laborariek abiaturiko protesta.
Geroztik, euskal laborariek gau eta egun blokeo gunea atxiki dute A63 autobidean, Hubert Touya zubian, Aturri ibaiaren gainean.
Ekintzak oihartzun handia izan du, baita ondorio batzuk ere. FDSEA eta Laborari Gazteak 64 sindikatuen babespean jardun duten ekoizleek, ordea, atzo ekimena amaitutzat ematea deliberatu zuten.
Hala adierazi zuen, eguerdi partean, FDSEAko bozeramaileetako bat den Patrick Etxegaraik. Euskal Irratietan eginiko adierazpenen bidez «arratsalde honetan hemendik joanen gara, baina borrokak segituko du», iragarri zuen.
Estatu frantseseko lehen ministro Gabriel Attalek joan zen ostiralean ez zituela laborariek pausaturiko galdera guztientzat arrapostuak eman agerian utzirik, FDSEAko kideak ez zuen baztertu «sindikatu guztiek elkarrekin» aurrera begira protesta gehiago antolatzea.
Hori esanda, 15.00ak aldera kanpamendua jaso zuten laborariek eta traktoreek, emeki-emeki, autobidea libratzeari ekin zioten, haien etxaldeetara itzuli aitzin. Barraskilo operazio moduko horrek auto ilara handiak eragin zituen berriz ere A63 autobidean.
Dagoeneko gatazka bideratzeko erabakigarria izan daitekeen astearen atarian, laborariek haien kexa beste eremu batean azaldu zuten. Hala, igande eta astelehen arteko gauean simaurra eta neumatikoak bota zituzten Leclerc kateak Baionan eta Angelun dituen hipermerkatuen aparkalekuan. Haien mozkinengatik ordaintzen dizkieten prezio apalak salatzeko burutu zuten ekintza.
A63ko blokeoa altxatu ondoren ezin da jakin zer norabide zehatz hartuko duen euskal laborarien mugimenduak. Atzo, edonola ere, arretagunea Paris aldera jauzi zen.
BILERAK PARISEN
Arratsaldeko 14.00etatik aitzina egituratzen hasi zen Parisera iristeko sindikatuek agindutako operazioa. Laborariek A4, A6 eta A13 autobideetan blokeatze operazioak egin zituzten, hiriburu frantsesetik hamarnaka kilometro batzuetara plantatuz. Seine et Marneko departamenduan ezarritako blokeatze gunean zela, Laborari Gazteak sindikatuko ordezkari Clement Torpierek argitu zion “Liberation” egunkariari «Gobernuak erantzun arte atxikitzea zela» Paris inguratzeko planaren xedea.
Nonbait traktoreen burrunbak oihartzuna izan zuen hiriburu frantseseko botere guneetan. Emmanuel Macron presidenteak zenbait ministro Eliseora deitu zituen. Marc Feisneau Laborantza ministroak bilera horri buruz esan zuen: «Ondoko ordu edo egunetan iragarpen berriak helduko dira, Gobernuaren asmoa azkar joatea delako». Hain zuzen, iluntzean Gabriel Attalek hitzordua eman zien, Matignongo jauregian, protesta bultzatu zuten bi sindikatuetako ordezkariei. Agian Eliseoan eta Matignonen aurreikusitako bilera horiei begira giroa gozatu nahian, Paris aldera antolaturiko blokeo ekintzetan parte hartzen ari ziren laborarien kontra ez oldartzeko agindua berretsi zuen Gerald Darmaninek.
Blokeoak iraun duen bitartean, horrek Baiona bezalako hiri ertainetako herritarrei eta autobideak baliatzen dituzten garraiolariei trabak eragin badizkie ere, Poliziari eskua ez hartzeko agindua eman du, une oro, Barne ministroak. Alta, laborariek Paris jomugan hartu eta berehala 15.000 polizia errepideetara bidali zituen, atzo, Darmaninek.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
