GARA
BILBO

EHNEk eta ENBAk prezio justuen aldeko «traktorada» deitu dute Bilbon

EHNE-Bizkaia eta ENBA-Bizkaia nekazaritza sindikatuek «traktorada» deitu dute otsailaren 9rako Bilbon. Merkataritza libreko itunei amaiera ematea eta baserritarrentzako bidezko prezioak bermatzea aldarrikatuko dute. Protestaz gain, «azoka gardena» ere egingo dute Areatzan.

Aurretik egindako «traktorada» baten artxiboko irudia.
Aurretik egindako «traktorada» baten artxiboko irudia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

EHNE-Bizkaia eta ENBA-Bizkaia nekazaritza sindikatuek mobilizatzera deitu dute, otsailaren 9an Bilbon. Merkataritza libreko itunei amaiera ematea eta baserritarrentzako bidezko prezioak bermatzea eskatuko dute. Bilboko Areatzan traktoreak biltzeko deia egin dute, Bizkaiko hainbat eskualdetatik abiatuta. “Azoka gardena” ere egingo dute.

Asteotan, nekazaritza sektoreko protestak ugaritu dira Europar Batasuneko zenbait herrialdetan. Ipar Euskal Herrian, astelehenean utzi zuten blokeoa, astebeteren ostean.

Sindikatuek atzo azaldu zutenez, ezinegon horren oinarria da baserri gehienetan ez dutela diru-sarrera duinik, ezta etorkizunerako aurreikuspen baikorrik ere, «neurri handi batean EBk hamarkadetan zehar aplikatutako politika neoliberalen ondorioz».

Horrela, hiru ardatzen bueltan zehaztu dituzte beren kexak.

Merkataritza libreko akordioen negoziazioak berehala etetea da lehena. «Mercosur bezalako akordioen negoziazioak geldiaraztea eta Zeelanda Berriarekin akordioa ez berrestea» eskatu zuten, ardi okela eta esnea Europako merkatuetan sartzea mehatxua dela eta. Halaber, merkataritza askeko negoziazio prozesu guztiak geldiarazi behar direla uste dute, eta, horretarako, beharrezkotzat jo zuten «etete luzamendu bat ezartzea».

Bigarren ardatzean, baserritarrentzako prezioek ekoizpen kostuak bermatu behar dituztela aldarrikatu zuten. «Merkatuaren erregulazioan oinarritutako elikadura politika» eskatu zuten, prezio duinak bermatzeko mekanismo gisa. Era berean, merkataritza jardunbide desleialei buruzko araua «modu eraginkorrean» ezartzea exijitu zuten, baita ekoizpen kostuak baino merkeago saltzeko debekua ere.

Hirugarren ardatzean EB interpelatu zuten, Europako Nekazaritza Politika sinplifikatu beharra dagoela azpimarratuz, «gehiegizko» burokraziak baserritarrei kostu «onartezinak» eragiten dizkiela eta.

Otsailaren 9an egingo duten mobilizazioa traktoreen elkarretaratzea izango da. Bizkaiko eskualdeetatik etorritako traktoreek topaleku izango duten Bilboko Areatzan bertan egingo dute “azoka gardena” ere. Bertan, hutsean ontziratutako bildots laurdenak salduko dituzte, bidezko prezioan.



Ekintzak Lapurdiko saltokietan

Frantziar Gobernuak nekazaritza politikan aro berria iragarri zuen ostegunean, nekazarien kezkei erantzuteko egitasmo zabala aurkeztuz. Horren ondoren errepideen blokeoa bertan behera uztera deitu zuten, Parisetik, mugimendu horren bultzatzaile nagusiek, Fdsea eta Laborari Gazteak sindikatuek.

Atzo, saltoki handien aurrean ekintzak egin zituzten, tartean Angeluko BAB2ko merkataritza gunean. Nekazari talde bat hipermerkatura sartu eta «hemengoak ez diren produktuak» erretiratu zituzten.

Antzeko ekintza egin zuten Hazparnen, herriko saltoki handi biren aitzinean.

Gabriel Attal lehen ministroak ezohiko agerraldia egin zuen ostegunean, frantziar nekazaritzaren «aro berria» iragartzeko.

Gero, Bruselatik, Emmanuel Macronek «Europa mailako nekazaritza eredu berria» plantan emateko erronka irudikatu zuen.

Bi agintariek nabarmendu zuten «zailegiak diren arauak» lausotzeko beharra eta «konpetentzia desleiala» saihesteko kontrolak zorroztu beharra.

Jarraian, bi sindikatuek blokeoak uztera dei egin zuten, borrokan beste molde batzuekin jarraituko zutela esanda.

Sindikatuen dinamitatik at jardun zuten hainbat laborarik, aldiz, hipermerkatuetan ekintzak egiten jarraitu eta «aldaketak berehala» aplikatzeko eskatu zuten.

Errepideen desblokeoek jarraitu zuen atzo, baita saltokietan laborariek plantan emandako protestak ere, hala nola Euskal Herrian. GARA