Laborariei zor zaizkien dirulaguntzak berehala ordaintzea galdegin du ELBk
Gobernu frantsesak nekazaritza politika eguneratzeko egitasmoa iragarri ostean, neurri handi batean mobilizazioak gelditu dira Hexagonoan. Alta, Euskal Herrian saltokietan eginiko protestek, alde batetik, eta Jutsin irudikaturiko SOS mezuak, bestetik, jarraitutasuna markatu dute. Atzo, ELBk laborarien kexa Estatu ordezkaritzara eraman zuen.

ELB sindikatuak ekintza egin zuen atzo goizean, diru sarrera duinak galdetzeko euskal laborariek aspalditik daramaten borrokari segida emanez. Nekazaritza Politika Komunari (PAC) loturiko dirulaguntzak jasotzeko laborariek pairatzen duten atzerapena salatu zuen sindikatuak ekintza horren bidez.
Goizeko hamaikak inguruan ELBko 60 bat laborari Angelu eta Baiona lotzen dituen Errobi etorbidean plantatu ziren, Estatuko erakundeetan zuzenean beren aldarrikapenak entzunarazteko xedez. Zehazki, helbide horretan haien egoitza duten bi erakundetara, Pirinio Atlantikoen Departamenduko Lurralde eta Itsas Zuzendaritzara eta Eskualde arteko Itsas Zuzendaritzara, hurrenez hurren, bere kexak eraman zituen ELBk.
Egoitzaren sarrera traktoreekin blokeatu zuten sindikatuko 60 bat kidek eta ondoren bulegoak okupatu zituzten. Arratsaldera arte luzatu zen ekintza horrekin, PACen dirulaguntzei dagokienez gibelaldiarekin berehala amaitzeko beharra nabarmendu zuten sindikatuko kideek.
Hori soilik ez, administrazio frantsesari astebeteko epea eman zioten erantzuteko, erabaki egokia hartu ezean mobilizatzen jarraitzeko prest daudela nabarmenduz.
Jakin behar da, edonola ere, euskal sindikatuak zalantzan jartzen duela Bruselak agindutako nekazaritza eredua, finean, ustiategi handiek baliatzen dituztelako laguntza gehienak. Behin baino gehiagotan salatu duenez, hala nola Baionako Suprefeturaren aitzinean eginiko mobilizazioen bidez, PACen harira Bruselak banatutako laguntzetatik %80 laborarien %20ak metatzen du. Hala ere, okupazioa gauzatu zuten toki berean eskainitako prentsaurrekoan sindikatuko kideek aitortu zutenez, «maleruski, gaur egun PACeko laguntzek laborarien lan sariaren parte gero eta handiagoa suposatzen dute».
Are, hainbat hilabete itxaron ondoren, laborariek ezin dutela egoera hori gehiago jasan ohartarazi zuten.
Sindikatuko bozeramaileek adierazi zutenez, «Baigorri eta Donibane Garaziko ibarretan, bortura abian diren 515 hazleek laguntzen ordainketaren beranta pairatzen dute».
ELBren irudikoz, «egoera hori onartezina da», etxalde anitz lanjerrean ezartzen dituelako. Are gehiago kontuan hartzen bada, administrazioak dirulaguntzak banatzeko orduan duen atzerapenari gehitu behar zaizkiola azken urteetan izan den idortea, alde batetik, eta inflazioa, bestetik.
Horren ondorioz laborarien ahalmenak zinez ahuldu direla agerian jarri dute ELBko kideek. Prefeturaren erantzunaren zain zirela, Parisek aurreikusitako epeak azkartzeko premia dagoela berretsi zuten laborariek, martxo erdira arte ezin dutela itxaron argituz.
Oroitarazi zutenez, «laborariak errespetatu behar dituzten epe eta kontrol zorrotzen menpe dira, eta onartezina da Estatuak berak epeak ez errespetatzea».
Sindikatuko kideek gaineratu dutenez, ekintza berri horren bidez ez dute aldarrikapen berririk egin. «Gaur ez dugu diru gehiago galdegiten, baizik eta zor zaiguna ordaintzea», erran dute.
Haatik, atzeratutako dirulaguntzak berehala banatzea eskatzeaz gain, geroari begira aldarrikapen bi mahai gainean ezarri ditu laborarien sindikatuak, gaur egun ematen den egoera behingoz zuzentzeko.
Lehenik eta behin, PACi buruz laguntza bat aztergai dagoenean, bakarrik zati horri dagokion ordainketa gibelatzea galdegin du sindikatuak.
Hala, laborariak kobratu ahalko luke bederen onartu zaion laguntza zatia, eta ez, orain gertatzen den bezala, dosier osoaren erantzuna izan arte deus jaso gabe gelditzea.
Bestalde, egutegi zehatza errespetatu beharra nabarmenduz, ELBk eskatu du PACeko urteko laguntzetatik %80 irailerako ordaindua izatea.
BESTE EUSKAL LURRALDEETAN
ELBk eginiko protestak jarraipena izanen du astean zehar beste euskal lurraldeetan. Hala, lehen sektorean dagoen ezinegona agertzeko, bihar traktoreen martxa iragarri du UAGA sindikatuak Gasteizen. Merkataritza libreko itunak jomugan jarriz, EHNE-Bizkaia eta ENBA-Bizkaia nekazaritza sindikatuek «traktorada» deitu dute otsailaren 9rako Bilbon.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
