J.O.
TOLOSA
PILOTA

Altunak astearteko partidan du jomuga

Altuna ez da larunbatean Labriten izango.
Altuna ez da larunbatean Labriten izango. (G. RUBIO | FOKU)

Jokin Altunak ez zuen erabakia gehiago luzatu nahi izan eta, bere ezker eskua nahi bezala ikusten ez duenez, larunbat honetan Iruñean Artola-Imazen kontrako partida jokatzeari uko egingo diola jakinarazi zuen Tolosan. Bitxia izan zen, asteartean Beotibarren jokatzekoa den lehiarako material aukeraketa Labriten larunbateko partidarakoa baino lehenago egin baitzen. Inauteri asteartean Tolosan egotea ez du baztertzen amezketarrak.

Jon Mariezkurrenak, bere aldetik, «gauzak normal», astelehenean Elordi-Rezustaren aurka arituko dela uste du, baina bihar arte itxaron nahi du behin betiko erabakia hartu aurretik. «Ez nago prest. Entrenatzeko ere komeriak ditut, eta larunbatean ez jokatzea erabaki dut. Oraintxe nagoen bezala, oso arriskutsua ikusten dut partida bat jokatzea, are gehiago txapelketan gauden momentuan egonda. Gainera, Javi Zabalak aurrekoan sekulako maila eman zuen eta ongi irabazia du beste aukeratxo bat. Konfiantza osoa daukat berarengan eta Martijarengan», adierazi zuen.

Astelehenean herriko pilotalekuan eskuak egiten hasi eta bost minutura utzi egin behar izan zuen, eskua berriz ere handitzen hasi zitzaiolako.

Egungo Lau eta Erdiko txapeldunak argi dauka horrela ezin duela kantxara irten. «Ostiral aldera berriro probatuko dut; takoak egin, ea asmatzen dudan, ea min gutxiago ematen didan. Baina gauza bat da min pixka batekin jokatzea eta beste bat da orain bezala pilota ezin jo aritzea. Horrela ezinezkoa da», aitortu zuen.

BIKOTEARENTZAT ONENA

Gainera, larunbatean aritzekotan, asteartean beste konpromiso bati aurre egin beharko lioke, sailkapenari begira are garrantzitsuagoa izan daitekeen lehia bat, eta horrek arriskuak handitzen ditu.

Hala ere, horrek ez omen du eraginik izan erabakian. «Nik larunbatean emango nukeena baino askoz maila hobeagoa emango du Zabalak. Ni oraintxe bertan ez naiz gai partida on bat jokatzeko. Javi bai. Eta gure bikotearentzat hobea da Javik jokatzea», amaitu zuen.