Teilatutik erorita, 47 urteko langile bat hil da Durangoko Fundiciones Fumbarrin
Durangoko Fundiciones Fumbarri enpresan lanean zebilen 47 urteko gizona hil da, teilatutik erorita. H.B. izena zuen eta Porto Cubiertas enpresan lan egiten zuen. LAB sindikatuak emandako datuen arabera, aurten dagoeneko 14 langile hil dira istripuetan.

Durangoko Fundiciones Fumbarri enpresan izandako lan istripuan 47 urteko gizon bat hil zen atzo 11.00ak aldera.
LABek ohar batean azaldu zuenez, langileak H.B. izena zuen eta Porto Cubiertas enpresarentzat beharrean zebilen. Teilatuan konponketa lanak egiten ziharduela erori eta hil zen.
«Langileak arnesa zeraman, baina, ziurrenik, bigarren mailako ainguraketak huts egin zuen edo ez zegoen finkatuta», azaldu zuen LABek. Sindikatu honen arabera, «ohikoa da obretan segurtasun neurriak bermatuko dituen prebentzio baliabiderik ez egotea, eta, horrela, une askotan langileek segurtasun neurririk gabe lan egin behar izaten dute, ez zaielako bitartekorik bermatzen».
«Behin eta berriz salatzen dugu patronalak obren araudi espezifikoa betetzen ez duela, eta fase bakoitza gainbegiratu behar duten prebentzio teknikariak astean behin baino ez daudela obran. Bereziki larria da altuerako lan edo prozesu batean kontrolik edo prebentzio baliabiderik ez izatea, araudiak eskatzen duen bezala», gaineratu zuen LABek.
«Onartezina da, hain ohikoa den lan istripu mota batean aurrean, beharrezko bitartekoak ez jartzea. Eraikuntza da istripu hilgarrietan sektore nagusietako bat. Argi dago Lan Ikuskaritzak, Osalanek eta gobernuek ez dituztela jarduera horiek kontrolatu nahi. Praktikan, patronalari ez zaio araudia betearazten, eta emaitza ageriko da, bizitzarekin ordaintzen dugu», nabarmendu zuen LAB sindikatuak.
Elkarretaratzera deitu dute LAB, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek gaur (hilak 14) 11.00etan Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Han patronal eta gobernuak salatuko dituzte, 2024. urtearen hasieran dagoeneko hamalau langile hil direlako, horietatik hiru altueratik erorita. Fundiciones Fumbarrin lanuztea egin dute gaur eguerdira arte. 13.00etan elkarretaratzea egingo dute enpresa aurrean.
NAFARROAN 26.000 ISTRIPU
LAB, CGT, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek egindako txostenaren arabera, 26.000 lan istriputik gora izan ziren Nafarroan 2023an. Azken urtean Nafarroan hamabi langile hil dira, azken hamar urteotan 150 izanik.
«Istripuek ez dute etenik, nahiz eta gero eta jende gehiagok zerbitzuetan lan egin (%70 inguruk), hau da, istripu traumatiko gehien eragiten dituzten sektoretatik kanpo», azaldu zuten atzo Iruñean.

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
