GARA
BILBO

Mecanerren geroa bermatzeko eskatu diote Lakuako Gobernuari

Mecanerreko langile-batzordearen gehiengoak, LABek, CCOOk eta ESK-k osaturikoak, Lakuari exijitu zion atzo «eskura dituen tresna guztiak» erabil ditzala lantegiaren etorkizuna bermatzeko, eta Gobernu espainolak Stellantisi emandako laguntzak salatu zituen.

Langileen elkarretaratzea, atzo, Bilbon.
Langileen elkarretaratzea, atzo, Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Mecaner enpresako langileek atzo Lakuako Gobernuari eskatu zioten «eskura dituen tresna guztiak» erabil ditzala lantegiaren etorkizuna bermatzeko. LABek, CCOOk eta ESK-k osaturiko langile-batzordearen gehiengoaren bozeramaileek mezu hori helarazi zuten, Lakuako Bilboko egoitzaren aurrean egin zuten elkarretaratzean.

Protestan, Lakuari, gainerako erakunde publikoei bezala, lantegiaren itxiera saihesteko esku-hartze «zuzena» eskatu zioten, 148 langileak kaleratu behar baitituzte.

Unai Mirasolainek (LAB) eta Juan Mari Cruzek (ESK) salatu zuten bezala, Stellantisek 2023an iragarri zuen Mecanerren itxiera, eta orduan «multinazional honek 68 milioi euro baino gehiago jaso zituen Espainiako Gobernuaren eskutik PERTE laguntza gisa».

Langile-batzordearen ustez, «lizunkeria da enpresak ixten eta enplegua suntsitzen dituen multinazional bati diru publikoa ematea», bere erabakia «deslokalizatzea» izanda. Ildo horretan, salatu zuten automobilgintzarako osagaien fabrikatzaile horrek «munduko beste toki batera» eraman nahi duela ekoizpena, etekin handiagoen bila». Hala, azpimarratu zuten «Mecaner errentagarria dela eta etorkizuna duela Urdulizen».

Hori dela eta, Gobernu espainolari «Stellantis multinazionalari emandako laguntzak geldiarazteko» eskatu zioten. Lakuako Gobernuari dagokionez, «etorkizuneko jasangarritasun erronkei aurre egitea ahalbidetuko duen industria politika aktiboa» bultzatzeko eskatu zuten Bilbon elkartu ziren langileek.