GARA
BILBO

Epaitutako langilea babestu eta Metaleko borroka defendatu dute

Bizkaiko Metalgintzan 2022an izandako 11 greba egunetan egindako piketeetan eta mobilizazioetan parte hartzeagatik epaitu dute langile bat asteazken honetan Bilbon. Elkartasuna adierazteko eta borroka sindikala «ez dela delitua» defendatzeko elkarretaratzea egin zuten epaitegiaren aurrean zenbait sindikatuk.

22 prozesu judizial ireki dira, batzuk artxibatuta, baina oraindik lau pertsona epaiketaren zain daude. Desordena publikoak, koakzioak, erresistentzia eta agintearen aurkako erasoa dira akusazioak, eta isunak ere jarri dizkiete.

«Salaketa horiek guztiak Ertzaintzak egindako asmakerietan oinarrituta» daudela salatu zuten; izan ere, «langileak eta sindikatuetako ordezkariak mehatxatu eta jipoitu zituen eta zortzi pertsonak ospitaletik pasatu behar izan zuten, basakeria polizialaren ondorioz».