Euskal jakiak, Augustako menuan

Jon Rahm golfari bizkaitarrak «etxean» balego jango lituzkeen plater batzuk prestatu ditu apirilaren 9ko txapeldunen afarirako.

Jon Rahm, iaz, Masterseko jaka berde ikonikoarekin.
Jon Rahm, iaz, Masterseko jaka berde ikonikoarekin. (Andrew REDINGTON | AFP)

Gernikako piper berdeak, urdaiazpikoa, txistorra, trufazko pintxoak, txangurru entsalada eta txuleta dira Jon Rahmek, Jose Andres chefarekin batera, Augustako Mastersean koroa defendatu aurretik apirilaren 9an eskainiko duen afarirako prestatutako euskal espezialitateetako batzuk. Barrikakoak historia egin zuen 2023an txapelketa honetako jaka berde ikonikoa janztean -bigarren euskal herritarra izan zen hau lortzen, bi aldiz irabazi duen Txema Olazabalen ondoren-. Augusta National Golf Courseko txapelketaren aurreko afarirako prestatu duen menua «etxean» balego jango lituzkeen plater batzuk dira. Kartan antxoak, dilistak, arrautza nahasiak, olibak, txorizoa, solomoa, kroketak, patata tortilla, arrain zuria eta baita hostopil batzuk ere gehitu ditu, inguruko ardo zuri eta beltzaren aukeraketa bereziarekin batera. Txantxetan, Rahmek gonbidatuei esan die txuleta «gutxi eginda» jan behar dela, eta gehiago erretzeko eskatzen dutenek «begirada arraroak» jasoko dituztela. Hitzaldian «bihotzetik» hitz egingo duela adierazi du, «normalean horrela egiten baitira hitzaldirik onenak». Eta sabela ondo beteta bada, askoz ere hobeto.