Patxi GAZTELUMENDI eta Oihana AZKORBEBEITIA
Gu Ere Bai! Euskal Herriko kirol ekimena
KOLABORAZIOA

Nazio bat zelaian, mendian eta errepidean

Pozik gaude Jagoba Arrasatek zuzendutako Euskal Selekzioak, Marcelo Bielsaren Uruguaikoaren kontra jokatuko duelako San Mamesen. Ipuruan Costa Ricaren kontra aritu ostean, ez ditugu ikusi jokoan gure mutilak. Zubietan eta Mendizorrotzan bikain aritu ziren neskak. Eta Ipuruan, Zubietan, Mendizorrotzan eta San Mamesen ofizialtasunaren aldeko mezua zabaldu da lau haizeetara. Euskal Selekzioak ofiziala izan behar du, eta hori ozen adieraziko dugu, zelaian bezala, harmailetan eta kalean.

1924an sortu zen Euskal Herriko lehen mendi federazioa, Elgetan. Eta Hego Euskal Herrian indarrez bitan zatitu zuen faxismoak Elgetan batasunean oinarrituta sortutakoa. Mendea ospatzen ari gara orain, eta Euskal Herriko mendi federazio batu batekin amets egiten dugu, milaka eta milaka federatuk, herrietako mendi elkarteetako kideok. Mendizaleok. Gailurrera iristeko gertu gaude, eta horren alde arituko gara, nazio mailan eta herri mailan. Mendirik mendi. 1980an Everest gailurrean ikurrina jartzeko herri baten ametsa gauzatu zen bezala, gailur berrietara ere iritsiko gara.

Mende bat ospatzen da aurten, Euskal Herrian antolatutako lehen itzulia izan genuenetik. 1924an ospatu zen, eta Francis Pelissier frantziarrak eskuratu zuen garaipena. 1928an eta 1930ean Mariano Cañardo izan zen itzulia irabazi zuen lehen Euskal Herriko txirrindularia. Nazioarteko proba ospetsua bilakatu zen Euskal Herriko lasterketa, 1936an Francoren estatu kolpeak eta gerrak hori ere zapuztu zuen arte. Aurreko urtean Gino Bartalli txirrindulari ezaguna izan zen irabazlea. Gerra urteetan eta ostean luzaroan txirrindulariek ez zuten lehiaketa honetan parte hartzerik izan. 1969an Jacques Anquetil izan zen proba irabazi zuena. Zorionez, Eibarren ere Euskal bizikleta antolatzen hasi ziren, eta Euskal Herriko itzuliak eta Eibarren antolatutako probak bide oparoa egin dute. Eta aurten, 2024. honetan, Euskal Herriko itzuliak, Hego eta Ipar Euskal Herriko herrialde ezberdinetan, sei egunez, munduko txirrindularitzako tropelik onena erakutsiko digu hemen.

Gerraurreko irudiak datozkigu Euskal Selekzioa oroitzean ere. 1930. urtean Kataluniaren kontra jokatu zuen lehen partida Montjuicen, Vasconia izenarekin. Garaipenarekin itzuli ziren Euskal Herrira, eta hurrengo urtean ere Kataluniaren kontra jokatu zuten Bilbon. Aurretik euskal jokalariek Kantabriako batzuekin batera jokatu izan zituzten hainbat partida nahasirik.

1937an, Jose Antonio Agirre lehendakariak -aurretik Athleticeko atezaina izan zenak- Euskal Selekzioa deitu, eta nazioartean hainbat erakustaldi eman zituzten, gerra garaian dirua bildu eta Eusko Jaurlaritzaren propaganda egiteko nazioartean. Ezaguna da euskal selekzio hartako hainbat jokalarik Mexikon geratu behar izan zutela erbesteratuta, euskal taldeetan berriz jokatu ezinik. Mexikon eta Argentinan ondo gogoratzen dituzte gure euskal jokalariak oraindik.

Futbol zelaian, mendian, errepidean, euskal kirolak pasarte ederrak bizi izan ditu, XX. mendean bezala, XXI. mende honetan ere. Historikoa izan zen lasterketa, federazio eta selekzio nazional hauen osaketa eta izaera, eta orain, ikuspegi historiko batetik bezala, ikuspuntu politikotik ere, aldarrikatzen jarraitzen dugu.

Euskal Herritik mundura! Euskal kirola Euskal Herritik mundura eraman nahi dugu. Gure kirolarien maila erakusteaz gain, gure herriaren izaera eta konpromisoaren berri emateko. Euskal selekzioak, Euskal Herriko federazioak, eta Euskal Herriko kirol proben egutegia behar ditugu aurrera egiteko. Naziogintzan eta nazioartegintzan. Eskubideetan eta berauen defentsan. Kirolean, eta lehiaketa orotan, parte hartzea da garrantzitsuena. Eta guk hori aldarrikatzen dugu, guk ere parte hartu nahi dugula. Horregatik, kirol proba eta erakustaldi garrantzitsuak ditugu udaberri koloretsu honetan. Euskararen alde korrika egiten ari gara egunotan Euskal Herri osoan; Euskal selekzioaren partida esanguratsua daukagu gaur San Mamesen; Aberri Eguna ospatuko dugu hurrengo astean; Euskal Herriko itzuliak gure errepideetan erakutsiko ditu maila handiko txirrindulariak eta inoiz hutsik egiten ez dugun euskal zaleak, gure ikur eta aldarrikapenekin; Euskal Herriko ehun mendi gailur igoko ditugu apirileko azken asteburuan. Eta, udaberrian bezala, urte osoan Euskal kirola babestu, Euskal Herriko kirolariak animatu eta gure selekzioen ofizialtasuna aldarrikatuko dugu lau haizeetara. Euskal Herritik mundura. Zelaian, mendian, errepidean eta kalean. Behar den leku guztietan.