«Aita Mari» ontzia eta Zaporeak, Pasaian

Elkartasun olde batek hartuko du Pasaia Itsas Festibalaren hirugarren edizioa. Zaporeak eta SMH elkarteekin lankidetza abiatu dute.

Itsas Festibala handitzen doa eta elkartasun arloko lankidetzak eraiki nahi dituzte.
Itsas Festibala handitzen doa eta elkartasun arloko lankidetzak eraiki nahi dituzte. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Euskal kostaldeko itsasontzi tradizionalen topaketa izaten da Pasaia Itsas Festibala, eta aurtengoa «lankidetzarako hitzordu garrantzitsua» ere izango dela jakinarazi zuten atzo. Kulturaren, ingurumenaren eta elkartasun humanitarioaren aldeko kideek topo egingo dute. Zaporeak eta Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) eragileekin lankidetza bultzatu du festibalaren hirugarren edizio honek. Albaolako presidente Xabier Agoteren ustez, itsas unibertsoa eta elkartasuna eskutik helduta doaz: «Arreta ondarean jartzen dugu, itsasoek eta ozeanoek zibilizazioen arteko zubi gisa duten garrantzian eta, jakina, elkartasun humanitarioaren nazioarteko erreferente bihurtu diren erakunde hauek beren bizitza eskaintzen dioten misioaren garrantzian». Zaporeak-ek Greziako Lesbos uharteko errefuxiatu-esparruetan egiten duen lan humanitarioa garatzen jarraitzeko dirua biltzea da helburuetako bat. Eta, horretarako, jangela solidarioarekin elkarteko kideak arduratuko dira eskifaiako kideei jaten emateaz. “Aita Mari” erreskate-ontzia ikusgai egongo da festibalean zehar, beraien lanari ikusgarritasuna emate aldera.