Alaia SIERRA
KORRIKA 23

Korrika bilbon, 1.800 km baino gehiago bizkarrean

Busturialdean, Uribe Kostan, Txorierrin eta Bilbo Handian zehar ibili ostean, Bilbon sartu zen Korrika atzo bazkalostean. Eguraldia lagun, iluntzera arte jende mordoa ibili zen Bizkaiko hiriburuko kaleetan euskararen alde. Euskal Herria lotan zegoela, Ezkerraldea eta Enkarterri igaro ditu, Arabara bueltan, Baionara heldu arte ez baitu etenik.

Palestinaren askatasunaren aldeko aldarria, Korrika Bilbon zebilela. Jendetza bildu zuen atzo.
Palestinaren askatasunaren aldeko aldarria, Korrika Bilbon zebilela. Jendetza bildu zuen atzo. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bermeon, Mungian, Gorlizen, Plentzian, Getxon, Leioan, Derion, Galdakaon, Basaurin eta Arrigorriagan ibili zen atzo goizean Korrika. Ordu erdi inguruko atzerapenarekin, 16.00ak aldera sartu zen Korrika Bilbon, Buiatik Abusu auzora. Lekukoa esku batetik bestera, inguruan laneko arropekin korrika atera zirenak ere izan ziren, horien artean Osakidetzako langileak.

Txurdinagan sartuta, Kale Dor Kayko Euskal Herriko ijitoen elkartearena izan zen lekukoa. Otxarkoagako kaleetan, berriz, Otxarkoagako Familia Elkarteari pasatu zioten eta, esku batean Korrikaren ikur den lekukoaren ikurrina zeramatela, bestean Palestinako bandera astindu zuten.

Begoñazpi Ikastolaren txanda iritsi zenean, jendetza batu zen bizkarrean 1.830 kilometro zeramatzan euskararen aldeko lasterketara. Santutxuko aldapetatik gora egin zuen ondoren Korrikak eta Luis Briñas Ikastetxeko gaztetxoek hartu zuten burua. Jarraian, Gaztedi dantzari taldeak, Berri-Otxoa ikastetxeak eta Karmela liburutegi autogestionatuak hartu zuten testigua, besteak beste.

Zazpikaleetan barrena, oraindik ere eguzkia lagun eta jai giroan, jende mordoak egin zuen aurrera kale estuetan zehar arratsaldean paseatzen ari zirenen artean. Gainera, une horretan, 17.30 pasatuta, korrikalari multzoaren amaiera urruti zegoen, Mesedeetako Zubirako bidean.

Bilbo Zaharra alde batera utzita, Miribillan gora Bilbao Basketek eraman zuen lekukoa eta, kaskoa buruan zutela beren txandarako prest ziren Bilboko suhiltzaileak. Iralan Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak, Behotsik Orkestrak eta Euskal Herria Baterak segitu zieten.

Egunero bezala, ikastetxeak izan ziren nagusi Korrikaren lekukoa eramateko arduran. Lasterketarekin batera, “Azterketak euskaraz” leloa ere Euskal Herria zeharkatzen ari da eta Bilbora ere iritsi zen. Horrekin batera, euskarazko ikus-entzunezko edukien aldeko aldarriak, «pantailak euskaraz», ere izan zuen bere tokia.

ASKOTARIKOEN BILGUNE

Ametzolatik Errekaldera, Errekaldetik Abandora, handik Uribarrira... era guztietako jatorri eta klasetako adinekoek, gazteek eta haurrek osatutako jendetza ez zen oharkabean pasatu bilbotarrentzat, euskararen aldeko lasterketarekin bat egin ez zutenentzat, behinik behin.

Instituzioetako ordezkariak ere Bilbon izan ziren atzo. Autonomia kaletik igarotzean Migrazio eta Asilo Zuzendaritzako Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eraman zuen lekukoa.

Bizkaiko Batzar Nagusien izenean, EH Bilduko Iker Casanovak eraman zuen, Hurtado de Amezaga kalean behera, udaletxera bidean. PSEko Eneko Anduezak ere hartu zuen testigua.

Itsasadarraren beste aldean, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen eskuetatik pasatu zen lekukoa, baita Salbatzaile Dantza Taldeko ordezkarien eskuetatik ere.

Artxandako tuneletan Kaskagorri Konpartsako gazteek aurtengo Korrikaren irudi ikusgarria utzi zuten eta Deustun ikusi zuen argia berriz Korrikak.

Handik San Inaziora, erraldoiak eta guzti, eta buelta. Bidean, korrikalari berriak batzen joan ziren etengabe; hala, jendez lepo gurutzatu zuen Deustuko Zubia Bilboko zabalgunera itzultzeko, aurretik ukitu baino ez zuen Plaza Biribilera.

Abandon, lekukoa Bilboko merkatariek, Bizkaiko Abokatuen Bazkunak eta EAJren kilometroan Imanol Pradales lehendakarigai jeltzaleak eraman zuten.

Jarraian, euskal gehiengo sindikaleko ordezkariek, Merkataritza Ganberak eta EH Bilduk, besteak beste, garraiatu zuten ezkutuan dagoen mezua.

Kirruli elkartearen ostean, San Mamesen eta jendetza gidatuz, Jose Angel Iribar Athletic Clubeko futbol jokalari eta entrenatzaile ohiak hartu zuen lekukoa tarte labur-labur batez. Athleticeko jokalariei eman zien 81 urteko zarauztarrak.

Basurtuko Ospitaleko inguruetatik Zorrotza auzora abiatu zen Korrika, mendebaldetik Barakaldorantz jotzeko. Zenbait parte-hartzaile hirian geratu ziren arren, lasterketak aurrera jarraitu zuen, inoiz eteten ez delako. Gauean zehar Ezkerraldean ibili da eta, Arabara bueltan, egunsentiak Aiaraldean harrapatu du, Enkarterritik igaro ondoren. Arabatik Arratiara eta, tipi-tapa, Baionara iritsiko da igandean.