Garazi CASTAÑO
KORRIKA 23

Korrikarako zein euskara ikasteko, adin mugarik ez

Lanegunen amaierak bizitasuna eman zion atzo Korrikari. Enkarterrin hasita Durangalderaino, euskaltzaleen harrotasunak arrastoa utzi zuen kaleetan. Landa zein industria guneak zeharkatu zituen lasterketak, eta euskararen aldeko aldarriek batu zituzten. Donostiara iritsiko da gaur iluntzean, Gipuzkoan barrena ibili ostean.

23. Korrika, Zornotzatik igaro denean.
23. Korrika, Zornotzatik igaro denean. (Jaizki FONTANDEDA | FOKU)

Enkarterri, Aiaraldea, Arratia eta Durangaldean zehar egin zuen atzo bidea Korrikak. Ostirala zen, eta nabari zen, jendez leporaino izan baitziren eskualdeetako herri nagusiak. Hala ere, goizeko lehen orduetan giro lasaia izan zen nagusi. Lainotutako paraje ederretan murgildu ziren lasterkariak. Belandiako maldetan gora, Tologorriren zaintzapean, erritmoa galdu gabe ibili ziren Aiaraldeko euskaltzaleak. Giro magikoa sortu zen eta, gutxika-gutxika, altxatu zen lainoa.

Urduñara iristean 180 graduko bira eman zuen giroak. Antzinako Andra Maria Ikastetxeko ikasle olatu batek hartu zuen Korrika. Eta hortik aurrera, marea bilakatu zen. Amurrion eta Laudion, Dolumin Barikuko ganadu azoka tarteko, jende andana bildu zen eta aldarririk ez zen falta izan. Horiz tindatutako oihalak ikusi ziren “mendietan ez” leloa idatzita. Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformarenak ziren; eskualdean parke eolikorik ez dutela nahi argi utzi zuten Aiaralde osoan zehar. Galder Barbado amurrioarra gaztetxean nahi dute gazteek, eta euskara “dena aldatzeko” tresna dutela aldarrikatu zuten.

Palestinaren eta Sahararen aldeko elkartasun keinu asko izan ziren. «Mila esker zure kultura eta ohiturak mantendu eta euskararen alde egiteagatik», esan zioten furgonetatik, Amurrioko futbol taldeko elastikoa soinean, Amurriotik Ugaoraino iristeko asmoa zuen eta ramadana egiten ari zen gazte bati. Aretatik Arakaldora, Arabatik Bizkairako jauzia egin zuen Korrikak. Palestina eta Saharako ikurrak ez ziren desagertu.

INOIZ EZ DA BERANDU

Igorrera arratsaldean, 16.40 inguruan, iritsi zen Korrika. Asteburu giroan terrazetan zein bankuetan eguzkipean zegoen jendea zain. Gazte kuadrilla bat, parrillak kalera aterata, indarra hartzen ari zen lasterketa iritsi aurretik. Dimara sartu-irtena egin eta Igorrera itzuli zenean, Igorreko AEK-k hartu zuen lekukoa. Zehazki, Pakitak, 88 urteko euskaltegiko ikasleak hartu zuen. Txalo artean, furgonetako megafoniatik klasera inoiz huts egin ez izanagatik zoriondu zuten. «Maite zaitugu Pakita; gora zu, gure super ikaslea!». Irakasleei atsedenik ez omen zien ematen, baina argi dago estimu handia diotela.

Zornotzan belaunaldi guztietako herritarrek egin zuten bat Korrikarekin. Erdigunean, San Migel kaletik sartu eta biribilgunean eskuinera bira egin zuen Gudarien kaletik berriz San Migelera sartzeko. Korrikaren burua eta buztana non ziren ez zegoen batere argi lasterka ari zen jendearen artean. Biribilgunera berriz itzuli eta, batukadaren erritmoek lagunduta, zuzen egin zuen Iurretarantz. Elorrion eta Durangon egin zituen hurrengo pausoak eta Urkiolatik gora, Otxandiora iritsi zen gauerdian. Gerediaga elkarteak eman zien lekukoa Lekittoko Deabruei.