GARA
ZIZURKIL

Basoen «kudeaketa jasangarri eta aktiboa» babestu dute hainbat eragilek

Basoen kudeaketa «jasangarri eta aktibo» baten alde elkartu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat erakunde eta elkarte. Aipatu zutenez, «baso ondarea ingurumen, gizarte eta ekonomia aberastasun iturri da», baita «klima aldaketaren aurkako borrokarako tresna garrantzitsua» ere. Basoen Nazioarteko Eguna izan zen iragan ostegunean.

Sinaduraren ondoren, pinu gorri bat landatu zuten.
Sinaduraren ondoren, pinu gorri bat landatu zuten. (BASOA)

Lakuako Gobernuak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, Baskegur elkarte profesionalak, Basoa Fundazioak, Fraisoro Eskola Lanbide Heziketa Integratuko Nekazaritza Zentroak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako baso jabeen elkarteak biltzen dituen Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederazioak basogintza sektorearen aldeko adierazpena sinatu zuten joan den astelehenean, EAEko «basogintzari balioa emateko eta baso kudeaketa jasangarria eta aktiboa sustatzeko».

Basoen Nazioarteko Eguna izan zen ostegunean, martxoaren 21ean, eta zita aprobetxatuz sinatu zuten adierazpen instituzionala Zizurkilgo Fraisoro nekazaritza eskolan. Era horretan, baso abandonuari aurre egiteko konpromisoa azaldu zuten EAEko herri erakundeek eta basogintza sektoreko eragileek.

Sinatzaileek nabarmendu zutenez, euskal «baso ondarea ingurumen, gizarte eta ekonomia aberastasun iturri da», baita «klima aldaketaren aurkako borrokarako tresna garrantzitsua» ere.

BASO RATIOA, LAURDENA IZATETIK ERDIA BAINO GEHIAGORA

Julian Unanue Basogintza Elkarteen Konfederazioko presidenteak gogorarazi zuenez, mende bat pasatxoan, zuhaitz azaleraren laurdena baino ez izatetik, Europako baso ratio handiena izatera pasatu da EAE; hain zuzen, gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azalera osoaren %55 baino gehiago zuhaiztiak dira.

Unanueren arabera, eraldaketa hori ez da «bakarrik etorri», «lehen sektoreari lotutako milaka baso jaberen eskutik» etorri da; horien jarduera «baserriaren euskarri garrantzitsua» izan dela ziurtatu zuen.

EAEk baso kudeaketa jasangarriaren alde egindako apustua azpimarratu zuen Unanuek, eta azaldu zuen baso azaleraren %27 PEFC jasangarritasun zigiluaren pean aitortua dagoela, «espainiar Estatuan %14 den bitartean».

FRAISORORI BULTZADA

Adierazpenaren sinaduraren ondoren, pinu gorri (Pinus Sylvestris) bat landatu zuten Fraisoro Eskolako ikasleak hainbat baso espezie sartzen ari diren lursail batean.

Lanbide heziketako eskolei bultzada ematea funtsezkoa dela jasotzen da agirian; izan ere, «gure basoen kudeaketa jasangarria egingo duten profesionalen heziketa hor gertatzen da. Horrez gain, herritarrek basoen kudeaketa jasangarriaren premia ulertzeko, gizarte-hezkuntza oso garrantzitsua da. Baita basoaren funtzio-aniztasuna uler dezaten ere, bai ekoiztera bideratutako mendietan, bai natur-babeserako mendietan».

Baso-zuraren sektoreak euskal gizarteari egindako ekarpena ere balioan jarri zuten. Zuraren industriaren ekarpenarekin eta ingurumen zerbitzuen balorazioarekin batera, baso kudeatzaileen eta ekoizleen ekarpena ere aipatu zuten. Sektoreak % 1,5 inguruko ekarpena egiten dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGri. Horrez gain, basogintza eta zuraren balio-kateak zuzeneko eta zeharkako 20.000 lanpostu inguru sortzen ditu. Eta horiei lotutako ingurumen-zerbitzuek sortzen dituzten lanpostuak ere kontuan hartzen baditugu, enpleguaren %2,4 ingurura irits daitezke.

Basoek industriarako hurbiltasuna eta kalitatezko lehengaiak eskaintzen dituztela ere goraipatu zuten. «Kontuan izan behar dugu zuraren euskal industria %70ean ‘Zero kilometro’-ko produktuez hornitzen dela».

Bioekonomiaren, ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua ere azpimarratu zuten, sektorean berrikuntzarako aukera asko daudelako.