GARA
BILBO

Etxeko langileen hitzarmena eskatu dute, «egoera larriari erantzuteko»

Datorren martxoaren 30ean Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, LAB sindikatuak eta Etxekotu Gabeko Langileen kolektiboak elkarretaratzea egin zuten atzo, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzaren aurrean, Bilbon, sektore horretarako hitzarmen bat aldarrikatzeko.

LABek gogorarazi zuen jada bi urte direla etxeko langileen sail sindikala martxan jarri eta LHKren eta Confebask patronalaren aurrean negoziazio mahaia irekitzeko eskaera erregistratu zuela.

Sindikatuaren ustez, hitzarmen bat izateak «etxeko enpleguan lan-zuzenbideko egoera larriei erantzutea ahalbidetuko luke, batez ere gaua igarotzea eta barne-erregimena bezalako gaietan». Horregatik, zaintzarako «hain funtsezkoa eta lehentasunezkoa» den sektorea batzen jarraitzearen garrantzia defendatu zuen atzoko elkarretaratzean.