Iraitz MATEO
GAZTEON ESKUTIK EKIMENA

Lurra landu behar da lezon udaberria lora dadin

Udaberria gazteen eskutik loratuko zela iragarri zuten Ernaiko gazteek; data ere jarri zuten: martxoaren 29tik 21era bitartean. Udaberrian loreak jasotzeko, lurra landu behar izaten da, ordea. Muntaketa lanetan dabiltza joan den asteburutik gazteak Lezon, eta atzo jada antolakuntzako kide gehienak elkartu ziren; 200 bat esku prestakuntza lanetan.

Gune handiaren muntaketa lanak, atzo Lezon.
Gune handiaren muntaketa lanak, atzo Lezon. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lezok badaki zer den gazteek herria astintzea, eta gazte independentistek badakite zer den katiuskak jantzi eta karpa barruko zuloak konpontzea. Horrela topatu genituen atzo ehun lagun inguru, botak zikinduta baina umore onez lanean. Bihar hasi eta igandean Iruñeko Aberri egunean amaituko da Ernaik antolaturiko Gazteon Eskutik ekimena. Herriari bisita egin genion Ane Alava bozeramailearekin.

Herriko plazan emango diote bihar hasiera ekimenari harrera ekitaldiarekin. Prest dago oholtza. Plaza atzeko frontoian dago Akeita gunea; bertako karpa prest dute, eta barra muntatzen zebiltzan atzo; gaur amaituko dute gunearen apainketa. 2008an egin zen Topagunean «inspiratu» omen dira guneen antolaketarako, ateratako irakaspenetatik hobetzen ahaleginduz, noski.

«Kanpalekua ere larre berberetan muntatu dugu, paisaia berarekin esnatuko dira gazteak»; antzekotasun asko sumatuko dituzte duela hamasei urte bertan izandakoek eta gaztetasuna biziberritzeko parada izan daiteke.

BALIO JAKINEN TOPALEKU

«Udaberriko ekimenak giro oso berezia sortzea lortzen du. Gazte independentiston elkargune horretan ere nabari da balio batzuen baitan hiru egunez bizitzeko nahi eta grina», adierazi zuen Alava bozeramaileak. Baikorrak dira aurreikuspenen inguruan galdetuta; «inoiz baino aurkezpen gehiago» egin direla kontatu zuen Alavak, jendea ere gogoz sumatzen du inguruan, eta pozik da horrekin; «mimo bereziarekin ari gara antolatzen».

Muntaketan dabiltzan gazteen ilusioa herrira zabaldu da; oso eskertuta daude gazteak Lezorekin eta lezoarrekin: «Munduko erraztasun guztiak jarri dizkigute, herriko jendea muntaketa lanetan oso inplikatuta dago; baliabideetan ere asko ari dira laguntzen».

Guztia ezin da aurreikusi, eta guztia ezin da antolatu, ordea: nahiz eta horrelakoetan guztia kontrolpean izatea nahiago izaten den.

Eguraldiaren iragarpena ematen duen aplikazioa da muntaketan zehar gazteek gehien begiratu dutena. Lezoko Gazte Topagunea bizi izan zutenek, edo orduko irudiak ikusi dituztenek ulertuko dute eguraldiaren garrantzia, orduan elurrak estali baitzuen herria. Alavak datorren eguraldia datorrela gune guztiak «prest» dituztela argitu zuen; edozeri aurre egiteko prest dago Lezo, beraz.

Egitarau politikoa hiru bloketan antolatu dute; ludotekan, Txerrimuñon, auditorioan eta Etxarten izango da eskaintza hori. Gazteen ahotan dauden gaiei heltzea da hitzaldi sorta baten helburua; pornografia, klima larrialdia eta gazteen musika eszena jorratuko dituzte, besteak beste.

Bigarren blokea ziklo politikoari lotutakoa dela azaldu zuen Alavak; «gazteok prozesu independentistan jokatu beharreko paperaz hausnartuko dugu. ‘Guk utopikook’ hitzaldia, Pello Otxandianorekin solasaldia edota ‘Gazte udaberria’ izendatutako hitzaldi nagusian landuko dugu gai hori». Eta, hirugarrenik, munduari begiratzeko tartea hartuko dute. Bertan landuko dute geopolitikaren gaia, Palestina, eta Herrialde katalanetako ikasle prozesua zein ikasle greba feminista.

Gune batetik besterako bidean “Indargune”-ra, hots, jantokira, sukaldeko tresnak eramaten ari ziren antolakuntzako hainbat kide. Ernaiko bozeramaileak gazteen presentzia nabarmendu zuen: «Ekimenaren izenak berak dioen bezala, arreta berezia jarri dugu gazteak beraiek protagonista izatean, baita oholtza hartuko dutenak ere, hori izan baita historikoki gazte antolakundearen funtzioetako bat». Talde berriek musika eszenara jauzi egiteko gune ere izan nahi du ekimenak, «tranpolin moduko bat». Alavaren ustez hainbat gairen inguruan ere gazteak entzutea garrantzitsua da; sarri «gai potoloen» inguruan hitz egiteko ibilbide luzeagoa eta esperientzia handiagoa duten hizlariengana jotzen da, baina gazteak ere badira gai «diskurtso propioak sortzeko, eta begirada propioa dugu hainbat gairi heltzeko momentuan».

Ia dena prest dago bihar 11.00etan hasiera emateko bi egunez Lezo beteko duen Gazteon Eskutik ekimenari. Muntaketen edo desmuntaketen burbuilaren nostalgikorik bada, gaur oraindik aukera du Lezora hurbildu eta laguntzeko; eta bestela, bihar loratuko da udaberria.