Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren oasiak

Ea Euskal Herria euskararen oasi bilakatzen dugun. Lan horiek, ordea, baratz eta geldo doaz gure lurralde guztian. Ez dira gauza bera baratzea eta berjera. Baratze batean dena neurrian dago. Berjera ez da baratze infinitua, baina barazki bikainagoak ditu.

Musikaren berjerak al dira Spotify ahalguztiduna edo Bandcamp xume eta demokratikoagoa? Online entzuteko badira beste hamaika aplikazio. Musika eta irudiak ikusteko Youtube da ezagunena. Disko fisikoen bildumak talde kuttunenak gordetzeko dira, gustukoenak erosi edozein delarik euskarria.

Grabatutako musika entzuteko digitalaren erabilera %99tik gertu dago. Zuzeneko kontzertuen streamingera entzuleen ehuneko oso txikia doa.

Talde garrantzitsuenek Spotify plataformaren bidea hartu dute entzuleak erakartzeko; taldeentzat, ordea, leku helezina da, ezin da kontaktatu zuzenean eurekin bideratzailea erabili ezean (The Orchard, adibidez). Plataformak abantaila asko ematen dizkio entzuleari, baina zuzenean talde batek ezin du ezer igo. Ea euskarari kasu egiten dioten. Horregatik talde alternatibo askok Bandcamp, Distrokid, Tunecore eta antzeko plataformen hautua egin dute, zuzenean kudea ditzaketelako erabiltzaileek. Talde saldo baten intuizio edo senak erakutsi die nahiago dutela plataforma eskuragarri eta dirua itxuran banatzen duena. Oasiek abantailen sena dute.