Jon ORMAZABAL
IRUÑEA
BINAKAKO TXAPELKETAKO FINALERAKO MATERIAL AUKERAKETA

Nafarroa Arena, aklimatazio lan berezia eskatzen duen zortzimilakoa

Ohiko zirkuitutik kanpo dagoen pilotalekua izanda, Nafarroa Arenan jokatzen diren finaletan frontoia kezka bat gehiago izaten da pilotarientzat. Igandeko zortzimilakoak «aklimatazio» lan berezi bat eskatu die pilotariei eta horregatik, gaur ere, finaletik 72 ordu eskasera, hiri buruzagian azken prestaketak egingo dituzte bi bikoteek, igandean tontorrera heldu ahal izateko.

Iganderako pilotak aukeratzen hasi zuen bere 28. urtebetetzeko eguna Altunak.
Iganderako pilotak aukeratzen hasi zuen bere 28. urtebetetzeko eguna Altunak. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Igandekoa Nafarroa Arenan jokatuko den bosgarren finala izango da, baina Iruñeko kantxak zalantza eta kezka iturri izaten jarraitzen du oraindik ere pilotarientzat. Igandean lehiatuko direnen artean, Jose Javier Zabaleta da bertan txapel bat irabazia duen bakarra. Altunak, esaterako, bertan jokatutako kaiolako biak galdu zituen Ezkurdiaren aurka, eta Peio Etxeberriarentzat eta Julen Martijarentzat lehen finala izango da Nafarroan. Hala, «katedratiko» gehienek txapela «detaile txikietan» erabaki daitekeela aurreikusi dutenez, lau finalistek kantxa «ezezagun» honetan ahalik eta erosoen egoteko ahalegin berezia egin dute. Gertutasuna eta aurten bertan entrenatzeko aukera librea izanda -atzo azken orduan lortu zuten gaur bertan aritzeko baimena- finalekoa pilotariek aste honetan Arenako kantxa zapalduko duten laugarren eguna izango da.

Aritzearen aritzeaz, ari omen dira laurak pilotalekuaren baldintza berezietara egokitzen, eta aste honetako entrenamenduetako sentsazioak lehen egunetakoak baino askoz hobeak dira. Altuna eta Martijari, behintzat, atzoko material aukeraketa baldintzatu zien egun hauetan ikasitakoak.

Egia esan, material arloan txapelketa gorabeheratsua izan ostean, lau pilotariak oso konforme geratu ziren aurkitu zutenarekin, baina 2022ko txapeldunek zeuden pilotarik azkarrenak bilatu zituzten. «Lurrean ibiltzen ziren pilotak nahi genituen, ze ezkerparetak asko jaten du pilota eta ez dugu nahi pilota geratzerik», azaldu zuen amezketarrak.

Arrazoia argia da; Altuna eta Martijak oso argi dute edozein pilotalekutan Jose Javier Zabaletaren aurka jokatzea gaitza dela baina pilotak geratzen direnean are nagusiago izaten dela etxarrendarra. «Jotzaileek beti egiten dute min handiagoa pilota baxuarekin», azaldu zuen aurrelariak. Gauzak horrela, finala asko gogortu daitekeela sinetsita etorri ziren atzoko aukeraketara eta igandean ere lanerako eta sufritzeko prest etorriko dira.

Finala luzatu daitekeen uste horretan bat etorri ziren Peio Etxeberria-Zabaleta ere, baina ez dute uste bi bikoteek aukeratu dituzten piloten artean desberdintasun handirik dagoenik. Zenotzekoak argitu zuenez, gainera, entrenatzen aritu direnetan eta igandean espero dena baino hotzago zegoen atzo Arenako kantxa eta igandean piloten portaera alda daiteke.

ZABALETARENTZAT EGOKIA

Asko hitz egin da Zabaletak kantxa honetan egin dezakeen minaz, baina etxarrendarrak oso argi dauka ez direla «jokoa atzean kargatzera etorriko. Partida irakurtzen joan beharko dugu, baina argi dago pilotari bakarrak, ez aurrean ez atzean, ez duela finala erabakiko. Bikote bezala gehien batzen duenak irabaziko du», azaldu zuen.

Jokin Altunari egokituko zaio, hortaz, piloteoaren erritmoa aurreko koadroetatik aldatzen saiatzea, baina gauzak zail izango dituen jakitun da amezketarra. «Beste pilotaleku batzuekin alderatuta, nik uste oso kontuz sartu beharreko pilotalekua dela. Urrutitik sartuta jokoa aldatzea ikaragarri zaila da hemen eta kontuz sartu behar da, ze laguntzera sartu eta okertuz gero, atzelariari sekulako oparia uzten diozu. Kontuz sartzeko pilotalekua da eta partidak dezente gogortzeko arriskua du hemen. Saiatuko gara aurrean lan asko egiten eta ea asmatzen dudan. Julenekin fede osoa daukat; ziur nago partida ona egingo duela».

«Frontoia nahiko exijentea da; atzean sekulako abiadura hartzen du pilotak eta halako frontoi batean Zabaleta bezalako pilotari batek min handia egin dezake, baina esan dut ni ere ondo sentitzen naizela, konfiantzarekin, azkenaldian disfrutatzen, eta hori ere kontuan hartzekoa da. Badakit aukerak izango ditugula irabazteko, badakit oso zaila dugula, sufritzea tokatuko zaidala, baina sentsazioak oso onak dira», berretsi zuen Martijak.

&flexSpace;Peio Etxeberriak ere argi omen du errematean asmatu beharko duela irabazi nahi badute, eta horretarako azken finaletik lezioa ikasita etorriko omen da. «Nik uste kaiolakoan ez nuela ordura arte egindako jokoa egin, tentsioagatik edo, hura oso handia egin zitzaidan, baina nik uste lezioa ikasi nuela eta ilusio osoarekin etorriko naiz».