GARA
DONOSTIA

ANko Fiskaltzak Subijana eta Borde espetxean sartu ditu berriz ere

Juan Karlos Subijana eta Joseba Borde euskal presoak hirugarren aldiz itzularazi ditu kartzelara Auzitegi Nazionalak, Fiskaltzaren helegite baten ondorioz. Sarek gogoratu du Subijanak gaixotasun larria duela eta biek 20 urte baino gehiago daramatzatela kartzelan.

Sarek agerraldia egin zuen atzo, Gasteizen, Borde eta Subijanaren egoera salatzeko.
Sarek agerraldia egin zuen atzo, Gasteizen, Borde eta Subijanaren egoera salatzeko. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Juan Karlos Subijana eta Joseba Borde euskal presoen hirugarren gradua bertan behera utzi eta espetxera itzularazi ditu, hirugarrenez, Auzitegi Nazional espainolak. Hala jakinarazi zuen Sarek, Gasteizen egindako prentsaurrekoan.

Otsailaren 7an Basauriko Espetxe Zaintzako batzordeak eginiko proposamenari erantzunez, Subijana eta Borde presoei hirugarren gradua onartu zien Lakuak, martxoaren 21ean. Hala ere, Sarek atzo jakinarazi zuenez, asteazkenean Madrilgo auzitegi bereziko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen erabaki horren aurka, eta bi presoak egun horretan bertan kartzelara itzuli behar izan zuten, «bigarren gradurako erregresioa jasanda».

Subijanak 28 urteko kartzela-zigorra du eta 23 urte beteak ditu. Larriki gaixo dago, jakina denez. «Espetxeko zein Basurtuko Ospitaleko espedienteetan jasotzen den bezala, diagnostikatua du biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa», azaldu zuen Sarek.

Joseba Borde Gaztelumendik 64 urte ditu eta 20 urte eta erdi daramatza espetxean. 2019an bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Iazko ekainean, aurreneko gradu erregresioa jasan zuen, eta espetxera itzuli behar izan zuen. Azaroan iritsi zen bigarrena.

«Fiskaltzari berdin dio. Hauek eta beste presoek eragindako kalteak aitortzeak ez die ezertarako balio. Harentzat ez du ezertarako balio duela hamahiru urte baino gehiago ETAk bere jarduerari amaiera emateko erabakia hartu izana. Ez du justizia irizpideen bidez jokatzen. Justizia, kasu hauetan, eskuin muturreko arma politiko juridikoa bilakatu da», azpimarratu zuen Sarek.

URRATSAK

Egoera honen aurrean, urratsak egiteko eskatu zion Sarek Lakuari: «Aurrerapausoak ematen jarrai dezala eta espetxeetako batzordeek beren irizpide profesionalak aplikatzen jarrai dezatela, Fiskaltzaren eta espetxe zaintzako epailearen jarreren aurrean».