«Euskal gazteria aldaketaren gose da, eta aldaketa izateko prest dago»
Itzuli dira gazte independentistak beren auzo eta herrietara, eta Ernai gazte antolakundea pozik agertu da ekimenaren emaitzarekin. Euskal Herri luze zabaleko milaka gazte independentistek bi egunez bestelako herri bat posible dela erakutsi dute.
Udaberriak loreak eta lokatza dakartza sarri, eta Lezo horren adibide izan zen iragan ostiralean eta larunbatean. Ernaik antolaturiko Gazteon Eskutik ekimenean milaka gazte independentista elkartu ziren, antolatzaileek balorazioan azaldu zutenez, eta eguraldi txarrari anbizioz eta umore onez erantzun zioten.
«Bestelako mundu bat, bestelako Euskal Herri bat posible dela agerian geratu da berriz ere. Hiru egunez gazteok herria hartu dugu, eta beste balio batzuen arabera harremanak egin, elkarrekin jardun eta bizi izan gara», adierazi zion Ane Alava bozeramaileak GARAri atzo arratsaldean.
Eguraldi txarraren aurrean gazteen jarrera txalotu zuen, «lokatzaren ideia -udaberriarenarekin batera- ekimena aurkeztu genuen egunean bertan baliatu genuen, eta baliteke horregatik nolabait euria eta lokatza ere ekimenaren atrezzo bilakatu izana. Esperientziaren parte izan dira», esan zuen umore finez, baina batez ere ez zela oztopo izan nabarmendu zuen.
Larunbateko ekitaldi politikoan aipatutakoak berriro gogora ekarri zituen atzoko bilanean Alava bozeramaileak: «Gazteok bizitza duinak lortzeko ahalmena eta erabakimena behar ditugu. Eta horretara bidean, herri eta auzoetako bazter guztiak hartuko ditugu. Gazte fronte bat eraikitzera goaz».
ERALDAKETARAKO GAZTEEN INDARRA
Gazteak protagonistak izango zirela ohartarazi zuten ekimena aurkeztu zuten egunean, eta hala izan dela kontatu zuen Alavak. «Gazteon kezka, behar eta anbizioak partekatu ditugu, aisialdi zein eskaintza zabalari esker», zehaztu zuen Ernaiko ordezkariak. Eta adin ezberdinetako gazteak biltzeko balio izan duela adierazi zuen. Aurretik ekimena ezagutzen zutenek ez dutela hutsik egin esan zuen, eta lehen aldiz hurbildu diren gazte asko ere bazeudela.
Larunbateko ekitaldia une berezia izan ohi da, eta aurtengoan ere hala izan dela uste du Alavak: «Lortu genuen gazteekin konektatzea. Elkartasun, maitasun eta borroka adierazpena izan zen».
«Euskal gazteria aldaketa gose da, eta aldaketa izateko prest gaude. Argi utzi genuen larunbat gauean: dena aldatuko duen belaunaldia gara», zioen ziurtasunez Ernaiko bozeramaileak. Aurrera begira daude jada, lanean jarraitzeko gogoz: «Aldaketa Euskal Herrian egingo dugu, independentistak garelako eta horretarako aukera dagoelako. Bide horretan, amesten dugun Euskal Herri aske, sozialista eta feministatik inoiz baino gertuago gauden honetan, prozesu independentista loratzea ere badagokigu».