Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
PILOTA

Artolak eta Zabaletak euren une gozoa luzatu dute Buruz Burukoan

Iñaki Artolak eta Jose Javier Zabaletak garaipen bana eskuratu zuten Buruz Buruko final-zortzirenetan. Hala, final-laurdenetako ligaxkarako txartela eskuratu dute bi pilotariek. Etxarrendarra, txapelketan azken unean sartu dena, izango da guztien artean atzelari bakarra.

Zabaletak partida serioa jokatu zuen.
Zabaletak partida serioa jokatu zuen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jose Javier Zabaleta une ezin gozoagoan dago. Binakako txapelketa irabazi berri, bosgarrena, guztiak ere aurkari ezberdinekin lortuta eta pilotaren historian leku pribilegiatuan kokatuta, Buruz Burukoan lehendabiziko kolpea ere eman du Erik Jaka kanporatuta. Etxarrendarra azken unean sartu zen txapelketan, Aspek azken orduan hala erabakita eta final-laurdenetako ligaxkarako merezitako txartela erdietsi zuen atzo, Zumaian.

Takadaka jokatu zen neurketa, sakea alde zuen pilotariak, «tontakeria gehiegi egin gabe» -Zabaleta berak gero onartu zuen moduan-, ahalik eta tanto gehien egin zituen jarraian eta modu horretan, atzelari nafarra nagusi izan zen.

Garaipen gosez zen Zabaleta eta tinko ekin zion partidari, 7-0ko markagailua ezarriz lehen txanpan. Jakak sakea berreskuratu zuenean, baina, markagailua irauli egin zuen, partida bere eremura ekarrita (7-10) eta Zabaletarengan zenbait zalantza eraginda. Etxarrendarrak berak ere onartu zuen sake-erresto horretan zalantzaz bete zela eta «kili-kolo» aritu zela: «Ikusi da berak sakea edukitzen zuenean duda askorekin ibili naizela errestatzeko garaian, atzetik errestatuz gero berak badakielako ondo amaitzen hiru eta erditik edo lautik, eta hor ibili naiz kili-kolo, baina bestela gustura sentitu naiz».

Jaka atzean sartu eta txokoan ongi utzitako pilota batekin berreskuratu zuen sakea Zabaletak eta lehendabiziko etenaldi luzera aurretik joan zen (12-10), hiru tanto jarraian sakez eginda, gipuzkoarraren etsipenerako.

Etxarrendarra ongi entrenatzetik zetorrela agerikoa zen eta berak ere esan zuen gustatzen zaiola sakea entrenatzea Binakakoa jokatzen den bitartean. Arma ezin hobea bilakatu zuen Buruz Buruko lehen partida honetan. Azaldu zuen urte osoan zehar atzelariak apenas lehiatzen direla banaka eta kideak pilotalekuetan ikustean, txapelketa ezberdinetan, «gose» hori pizten zitzaiola. Gose hori entrenamenduetan kentzen hasi zen etxarrendarra eta, orain, Buruz Burukoan praktikan jartzen ere hasia da.

Jaka airean erabili zuen zenbait unetan eta partida erabakita utzi zuen lehen etenalditik bueltan, 19-10eko markagailua ezarrita. 12 tantoko takada beldurgarria egin zuen atzelariak eta Jakak sakea berreskuratu bazuen ere, bere erreakzioa bost tantotan bukatu zen, Zabaletak 19-15ean kontraerasoa ederki jota, Lizartzakoa atzean kateatzeraino. Zabaletak, hiru tanto jarraian eginda, garaipena eskuratu zuen eta final-laurdenetako multzokideei abisu ederra helarazi zien. Dariok, Altuna III.ak, Lasok eta Zabaletak jokatuko dute A multzoan, zinez multzo beldurgarria osatuta.

ARTOLA, KONFIANTZAZ

Zabaletaren pare, une gozoan ari da Iñaki Artola ere. Binakakoan pilotari sena erakutsi zuen eta, finaletik urrats batera geratu bazen ere, zaleen estimua irabazi zuen. Buruz Burukoan lehen kolpea ere eman zuen atzo, Beotibarren Peña II.a kanporatu ostean (22-16).

Partidaren une garrantzitsu guztietan aurretik ibili zen Alegiakoa, 8-4 lehendabizi eta 12-7 ondoren, lehen etenaldi luzerako errenta polita eskuratuz. Peña II.a saiatu zen takadaz markagailua estutzen (14-10), baina ezin izan zuen lortu eta Artolak ongi bideratua utzi zuen garaipena. B multzoan lehiatuko da Alegiakoa, Javi Zabala, Aitor Elordi eta Joseba Ezkurdiarekin batera.