GARA
DONOSTIA

Energia pobrezia murriztu egin da Gipuzkoan, baina oraindik desberdinkeria dago

Energia pobrezia jaitsi egin da Gipuzkoan.
Energia pobrezia jaitsi egin da Gipuzkoan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gipuzkoako Pobrezia Energetikoari buruzko Azterlanaren (2017-2022) emaitzen arabera, egonkortu edo hobetu egin dira pobrezia energetikoaren adierazleak duela bost urtekoekin alderatuta, Foru Aldundiak jakitera eman zuenez.

Zehazki, pobrezia energetikoko egoeren eraginpean dauden etxeak ehuneko hiru puntu murriztu dira, 2017ko %21,5etik 2022ko %18,4ra. Hala ere, 55.000 etxebizitzak eta 108.000 pertsonak arazoak dituzte oraindik ere beren etxeak bero mantentzeko. Bestalde, etxebizitza bakoitzak energian egiten duen batez besteko gastua %7 igo da, 1.293 eurotik 1.379 eurora.

Horrez gain, gastuen eta diru-sarreren arabera, gehiegizko energia gastua duten etxebizitzen kopuruak behera egin du. Ondorioz, dagoeneko ia 700 etxek eta 6.000 pertsona inguruk ez dute gehiegizko energia gasturik, beren diru-sarrerei dagokienez. Batez beste, Gipuzkoako familiek diru-sarreren %5,5 bideratzen dute elektrizitatearen, gas naturalaren edo etxebizitzaren energia gastuetara.

Ikerketaren arabera, Gipuzkoako 18.000 etxek (%6) zailtasunak dituzte beren etxebizitza tenperatura egokian mantentzeko, datua 2017arekiko hobetu bada ere (orduan %9 ziren). Hala eta guztiz ere, etxe gehiago dira itogin edo hezetasun arazoak dituztenak, ehunekoa %11,9tik %16,4ra igo da eta.