Indarkeria matxistak hildako amen haurrek dirulaguntza izango dute
Lakuak onartutako dekretuaren asmoa da, atzeraeraginezko izaerarekin, 2003tik matxismoaren ondorioz hildako amen seme-alabei ordaina ematea. Urtero jasoko dute laguntza, adinez nagusi izan arte edo 25 urtera arte, ikasleak edo mendekoak badira.
Lakuako Gobernu Kontseiluak atzo onartu zuen indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeen seme-alabentzako laguntza ekonomikoa arautzen duen eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legea garatzen duen dekretua. Laguntza berri horren abiapuntua da adingabe umezurtz horiek emakumeen aurkako indarkeriaren biktima zuzenak direla aitortzea, eta ekonomikoki laguntzea.
«Amei eragindako indarkeriaren biktima zuzenak dira, haien ongizate emozionalean eta garapen pertsonalean eragiten baitie», adierazi zuen Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. «Dekretu hau beste urrats bat da haiek laguntzeko eta babesteko», gaineratu zuen.
Indarkeria matxistaren biktima izandako seme-alaba horiek urtero jasoko dute Lakuako gobernuaren laguntza ekonomikoa, 18 urte bete arte. Kasu batzuetan, laguntza horiek 25 urtera arte luzatuko dira, adibidez, ikasketa akademiko arautuak egiten ari direlako, mendekotasuna dutelako edota aitortutako %33ko edo gehiagoko desgaitasuna dutelako.
Adingabeek hamabi hilabeterako Ondorio Anitzeko Errentaren Adierazle Publikoaren %80 jasoko dute urtero. Gaur egun, 5.760 euro urtean. Gainera, desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen kasuan, zenbatekoa bikoiztu egingo da, 11.520 eurora.
Laguntza eskatzeko honako baldintzak bete behar direla zehaztu zuten atzo, dekretua onartu ostean emandako azalpenetan: ama hil zioten urtean, 18 urte beteta ez izatea. Laguntza eskatzen den unean, 21 urte beteak ez izatea. Laguntza eskatzean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako edozein udalerritan bizitzea eta erroldatuta egotea. Baita laguntzen jasotzen ari diren bitartean ere, etenik gabe, ikasten ari diren bitartean kanpoan erroldaturik ez badaude behintzat.
Dirulaguntza eskatzeko eta dokumentazioa aurkezteko, beraz, bide elektronikoa erabil daiteke, edo, bestela, Gobernuaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan -Zuzenean-, dekretu hori Buletin Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera.
2003TIK
Dekretuak ohiz kanpoko neurri bat aurreikusten du: 10.000 euroko ordainketa bakarra, atzerako eraginarekin, 2003ko urtarrilaren 1az geroztik indarkeria matxistaren ondorioz amarik gabe geratu diren guztiei. Bete beharreko baldintza izango da ama hil zieten une horretan umeak adingabeak izatea.
Pertsona horiek bi urteko epea izango dute laguntza eskatzeko. 2003ko ilbeltzaren lehena hartu da erreferentziatzat, ordutik aurrera hasi baitziren kontatzen genero indarkeriaren biktimak.
Ordainketa bakarreko laguntza hau dekretua onetsi eta lehenengo bi urteetan emango da.