GARA
PILOTA

Ezkurdiak eta Zabalak zentzumenak erne dituzte larunbaterako

Nafarrak presio gehiago izan dezakeela nabaritu zitzaion atzoko material aukeraketan. Arbizuarraren hitzetan, errioxarrak «galtzeko gutxi dauka».

Ezkurdia, Artolaren aurkako partidan.
Ezkurdia, Artolaren aurkako partidan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Hil ala biziko Buruz Buruko neurketa jokatuko dute larunbatean, Labriten, Joseba Ezkurdiak eta Javier Zabalak. Bi pilotariak final-laurdenetako ligaxkako lehenengo jardunaldian galtzetik iritsiko dira bigarren partidara, eta galtzaileak agur esango dio finalerdietara sailkatzeko aukerari.

Nahiz eta emaitza aldetik bi pilotariak egoera berean egon, esan daiteke benetan Ezkurdia eta Zabala ez daudela egoera berean. Arbizuarrak presio gehiago izan dezake gorputzean, ibilbide zabalagoa duelako eta errioxarrak «galtzeko gutxi» duelako. Halaxe azaldu zen atzo Ezkurdia, Labriten kexarik gabe egindako material aukeraketan. «Bolada oso onean datorren pilotari bat da, txispa berezia duena. Pilotari asko ematen dio besagainez, bai botean ere, astindu egiten du pilota. Saiatuko naiz hura deseroso edukitzen, ez dadila eroso egon, eta ea nik partidari erritmoa ematen diodan», adierazi zuen nafarrak Zabalari buruz.

Ezkurdiak 10-22 galdu zuen Iñaki Artolaren aurka. «Fisikoki ondo» egon arren, onartu zuen sentipenak ez zirela onak izan: «Aurreko partidan gauzak ez nituen egin behar ziren bezala egin, asko oparitu nuen. Jokatzeko eran sentsazioak ez ziren onak izan. Taktikoki ez nuen ondo jokatu, kezkak sortu zitzaizkidan eta partida osoan dudatan ibili nintzen. Bigarren zatian Iñakik partida oso ona egin zuen, eta sakearekin eta bigarren pilotakadarekin min handia egin zidan».

Nolanahi ere, lasai nabaritu zitzaion. Esperientzia handiko pilotaria izanik, gogoratu zuen: «Ez da aurreneko aldia honelako egoera batean nagoela». Hala, «gogotsu» dagoela azaldu zuen, eta «hil ala biziko partida» dela aurreratu.

Javi Zabalaren lehen porrotak utzitako sentipenak ezberdinak dira. Aurrelari errioxarrak partida serioa eta ona egin zuen aurreneko jardunaldian Aitor Elordi egungo txapeldunaren aurka, zeinak zalantzaz bete nahi izan zuen Zabala, era guztietako sakeak eginda.

Naiarakoa ahal zuen bezala mantendu zen partidan eta gainera presioa pasatu ahal izan zion bizkaitarrari azken unean. Izan ere, 21-15 galtzetik 21na berdintzeko aukera bikaina izan zuen, baina orduan esperientziak ematen duen lasaitasuna falta izan zitzaion, eta 22-20 galdu zuen. Nahiz eta porrota jaso, «jokoarekin konforme» geratu zela onartu zuen Zabalak. Orain, Ezkurdiaren aurka, badaki «ez dela jokatzeko partida erraza» izango, baina «gogo biziz» ekingo dio. «Partida hauetan zentzumen guztiekin ibili behar duzu», esan zuen.