IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Ubera», euskal diasporako zazpi istorio doinu latinoekin kantu bihurtuta

Euskal diasporako istorioak bildu eta hango doinuak Euskal Herrikoekin nahastuz kantuak sortu ditu Tik Tara musika taldeak bere hirugarren lanean, “Ubera” diskoan. 2020an abiatu zuten proiektua, artean pandemia zela-eta etxean zeudela, eta ikerketa lan sakon baten ostean abestiak sortzen hasi ziren.

Tik Tara taldeak bere hirugarren lana aurkeztu zuen atzo.
Tik Tara taldeak bere hirugarren lana aurkeztu zuen atzo. (Jon URBE | FOKU)

Tik Tara musika taldeak bere hirugarren lana aurkeztu zuen atzo Donostian: “Ubera”. Euskal migratzaileek Amerikan bizi izan zituzten esperientziak bildu dituzte. Kantuen letrak zazpi istoriotan oinarrituta idatzi zituzten, eta kantu bakoitza herrialde bateko musikarekin lotu dute. Zuzenekoak prestatzen dabiltza, musika, antzerkia eta dantza uztartu nahi baitituzte oholtza gainean.

Harkaitz Bastarrika, Amaia Ureta, Ander Zulaika, Iñigo Egia, Jose Gallardo, Aritz Luzuriaga eta Beñat Isasti musikariek osatzen dute Tik Tara. Taldea sortu zenetik leitmotiv bat izan dutela kontatu zuten: euskal musika bestelako erritmoekin lotzea, batez ere erritmo latinoekin. Alde horretatik, beren lan berrirako ideia ez zaiela arrotza egin aitortu zuten: «Ohituta geunden ezohiko erritmoak jotzera».

Zulaikak egin ditu kantuen letrak, baina aitortu zuten Ureta izan dela ikerketa lan gehien egin duena. Amerikako euskal etxeetara deitu zuten lehenbizi, «beraien aitona-amonen istorioak» kontatzeko eskatu zieten, eta hainbat euskal etxetatik erantzun zieten. EHUko historia fakultatera ere jo zuten ikerketa lana osatzera, «eta gero, ba Internet», onartu zuen Bastarrikak. Istorioei tiraka topatu zituzten kontakizun berriak.

Istorio bakoitza herrialde batean kokatu dute, eta bertako musikarekin lotu. Brasil, Ekuador, Uruguai, Kuba, Kolonbia, Peru eta Argentina suma daitezke taldearen disko berrian. Musika nola sortu zuten azaldu zuen Bastarrikak: «Herrialde horietako musika entzun, entzun eta entzun. Hori egin dugu euskal musikarekin lotzeko hari bat topatu nahian».

ANTZEKOTASUN HANDIRIK EZ

Hasiera batean, euskaldunek Amerikako kulturan zein eragin izan zuten ikertzeko ahalegina egin zuten, baina ez zuten emaitza handirik lortu. Bertako antropologoek Kolonbian «bambuco» musika estiloak zortzikoarekin lotura duela esaten zuten, baina Tik Tarako kideek ez zuten loturarik ikusten. Ikerketa batek hegoamerikarrek eta euskaldunek dantza egiteko antzeko modua dutela zioen, baina musikariok ez zetozen horrekin bat.

Diskoan jasotzen diren istorioetako batzuk aipatu zituzten aurkezpenean. «Euskaldunek euskaldunak ere esklabizatzen zituztela ez da horren jakina, baina hori ere gertatzen zen. Euskal Herrian ‘‘kaptadoreak’’ zeuden; baserriz baserri Ameriketan aberastuko zirela esan, eta hara iristean pasaportea kendu eta esklabo hartzen zituzten», kontatu zuen Bastarrikak.

Aurkezpenean migrazioa ere izan zuten hizpide, eta diskoak egun gertatzen ari denaren «isla» ere izan nahi duela esan zuten: «Egun Euskal Herrira iristen ari dira migratzaileak, eta inguru enpatiko bat sortzeko balio izatea nahi dugu. Denok gara atzerritarrak azken batean».