Jon ORMAZABAL
PILOTA

Bueltan den Unai Laso bizi eta serio batek Jokin Altuna biluztu zuen Bilbon

Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak gaitzeko erakustaldia eman zuen, inoiz ez bezala lehiatzeko errekurtsorik topatu ez zuen amezketarraren aurrean. Errotarrak konfiantzaren depositua goraino bete zuen bitartean, amezketarrari aukerak zaildu zaizkio.

Lasok amorruz ospatu zuen garaipena.
Lasok amorruz ospatu zuen garaipena. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hasterako, Unai Lasok Buruz Burukoa hankaz gora jarri du gaitzeko erakustaldi batekin, orain arte Jokin Altunari inoiz eman dioten kolperik handiena emanda. Garaipenaz eta emaitzaz harago, Baikoko nafarrak, bizi, baina bereziki taktikoki eta buruz ere aurkaria baino askoz gehiago izanda, orain arte inork gutxik bezala biluztu zuen amezketarra. Profesionaletan egokitzeko behar izan zituen hilabete horietan kenduta, Altuna III.a galtzen ikusita genuen, nola ez, baina inoiz ez atzokoa bezalako inpotentzia ariketa batean, laineza hartuta ibili zen Lasoren aurka. Egunik txarrenetan ere -Jaka edo Elordiren aurkako finalak esaterako- partidari nola edo hala eusteko modua egina zuen beti, atzo arte.

Buruz Burukoak berezkoa du gauzak esajeratzeko gaitasuna, beste txapelketek baino gehiago eman eta kentzeko ahalmena du, eta, honelako bi pilotari handi tartean izanda, bata perfekziotik horren gertu eta bestea bere mailatik horren urrun dagoenean, halakoak gertatzea ez da horren harritzekoa.

Baina hasieratik abiatzearren eta merituak dituenari ematearren, poza ematen du, Binakakoan errodajea egin ostean, Laso bueltan dela ikusteak. Are gehiago, beste kolpe batetik errekuperatuta, Laso zailduago bat ikustea. Izan ere, berezkoa duen oldarkortasun eta esplosibitate hori galdu gabe, Laso serio bat ikusi genuen atzo Bilboko kantxan, barruan zuen sugar hori kontrolatu eta bideratzeko gai izan zena, une bakoitzean hartu beharreko erabakiak hartu eta Altuna bere erritmoarekin itoz. Eskuin hori aurkariak estu lotzeko gai da berriz, eta, sakez egindako faltaz harago, partida osoan pare bat pilota baino galdu ez zituenez, errotarra geldiezina izan zen Bizkaia pilotalekuan.

ALTUNA, ITZAL BAT

Parean izan zuen Jokin Altuna orain arte ohituta gintuenaren itzal bat izan zen. Epailearen txapak lehen sakea berari eman zion arren, lehen tantoan trakets aritu zen amezketarra, errematerako behar zuen pilota batera gaizki jarri eta erori zitzaionean.

Partida hasieran Lasok sakearekin gehiegi asmatu gabe ere, ezinezkoa egin zitzaion tantoa dominatzera pasatzea, eta lehia erabat galduta zuela gozatu zuen bere lehen pilotakada eskuinez. Egia da aurkariak ondo behartu zuela ezkerrez botera jokatzera, baina taktikoki ere ez zen finegi aritu, eskuinean pilota onak utzi zizkiolako kontrarioari, eta Bizkarreta-Gerendaingoak ez zuen bakarra ere barkatu.

Kontuak horrela, 4-2kotik aurrera, partida erabat hautsi zuen Baikokoak 15-0eko partzial batekin, ziurrenik Altunak bere kirol ibilbidean inoiz jaso duen handiena. Lasoren konfiantzaren depositua betetzen joan zen eran, Altunak orain arte inoiz izan ez zuen blokeo bat pairatu zuen, eskatutako hiru atsedenaldietan eta telebistaren bietan zetorkionarentzat erantzun bat topatu ezinik.

Partidaren hondar aldera Altunak markagailua zerbait txukuntzea lortu zuen, baina aspaldiko porrotik handiena jaso zuen. 2015eko Buruz Burukoan 22-8 galdu zuen Aimarren aurka, eta 22-6 2016an Urrutikoetxearen aurka. Nolanahi dela, atzokoak beste pisu bat du.