Amaia EREÑAGA - Maite BIDARTE
KIRMEN URIBEREN «ELKARREKIN ESNATZEKO ORDUA», PANTAILA HANDIRA

«Karmele»-ren filmatzea: Lekeitiotik New Yorkerako soka

Asier Altunak “Karmele” filmaren sekuentzia batzuk grabatu zituen atzo Lekeitoko Mendieta ontziolan. AEBetan, adi-adi, Kirmen Uribe idazlea. Honek “Elkarrekin esnatzeko ordua” (2016) eleberrian kontatutako Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren bizitza, 36ko Gerrak markatutakoa, pantaila handian berpiztuko da aurki.

Jone Laspiur, irudian, filmaren protagonistetako bat da.
Jone Laspiur, irudian, filmaren protagonistetako bat da. (David HERRANZ)

Mendieta ontziola Lea ibaiaren bokalean dago, iraganean kuzkurtuta legez. Lekeitiotik Karraspio hondartzara garamatzan zubitik ikusten dugunak ohiko lasaitasunetik gutxi du: 2015etik monumentu izendatuta dagoen eraikin zaharra, zinemari esker, Ondarroako Urresti familiaren Antzosolo etxea bihurtu baita. Gaur egungo Ondarroak, tamalez, ez du antzik filmaren garaiak islatzen duenarekin.

Filmatze baten erritmo errepikakorra dago Mendietan: eszenak errepikatu, findu, grabatu, berriz jantziak eta makillajeaz apaindu... Argia joan arte lanean jarraituko dute Asier Altuna zinemagileak eta bere taldeak.

Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren benetako istorioan oinarrituta, eta Kirmen Uriberen ‘‘Elkarrekin esnatzeko ordua” nobela sarituan inspiratuta, ‘‘Karmele” Asier Altunaren (‘‘Aupa Etxebeste!’’, ‘‘Bertsolari’’...) zazpigarren filma da. Anbiziotsuena, lan gehien eman diona.

«Bai, ur handitan sartu naiz -aitortu digu irribarre batekin-. Niretzat hau pelikula handia da. Eta niri pelikula handiak ez zaizkit asko gustatu. Nahiago izan dut ekipo txikiarekin eta neurrian kontatzea. Baina sartu gara eta hemen gaude, eta gozatzen ari naiz. Pelikula hasten da nazionalak herrira iristen direnean, 1937ko udaberrian, eta bukatzen da 1947ko uda inguruan. Liburuaren egokitze libre bat da, familia honen historia luzatzen baita urte askotan, eta ni saiatu naiz alde batetik mugatzen, Karmele zentroan ipinita. Kontzentratu dut istorioa hamar urtetan».

Filmatzearen bigarren astearen bukaeran sartuta daude. Ondoren Gipuzkoara joko dute, eta handik, Nafarroara. Irailean montajea bukatu eta gero, postprodukzioa. Horrenbestez, Gabonetarako bukatzeko asmoa dute.

PELIKULAKO BIZITZAK

Antzosolo etxean jaio zen Karmele Urresti (Ondarroa, 1916-2010), erizaina eta 36ko Gerrak bereziki markatutako emakumea. Filmatzean, zinemaren ‘‘magiari” esker, 1943. urtera itzuli gara Lekeition: Karmele etxean dago, garbitu berri dituen arropak zabaltzen. Haur txikia ondoan du. Bat-batean, Txomin Letamendi (Bilbo, 1901-Madril, 1950) bikotekidea ikusi eta korrika atera da. Besarkada estu batean bildu dira biak. Haurra, negarrez. 17 hilabeteko Pello aktore txikia da negarrez ari dena.

Jone Laspiur (‘‘Ane’’ filmagatik Goya sariduna, ‘‘Akelarre’’...) eta Eneko Sagardoy (‘‘Irati’’ eta ‘‘Handia’’) aktoreak dira filmeko protagonistak. Nagore Aranburuk (‘‘Irati’’) eta Javier Barandiaranek (‘‘Maixabel’’) Karmeleren gurasoen paperak egingo dituzte.

Ekoizpena Txintxua Films eta Esnatzeko Ordua Filmsek egingo dute. Lantaldean euskal zinemako profesional aitortuenetako batzuk arituko dira. Ehun bat tekniko mugitzen du mota honetako ekoizpen batek, aipatu digu Marian Fernandez ekoizleak.

TELEFONOZ BESTALDE

«30eko hamarkadan Karmele erizaina zen, oso gaztea, unibertsitatetik irten berria. Gerrak Ondarroan harrapatu zuen -dio Uribek-. Gudariekin joango da libre zegoen aldera, Ondarroa frankistek hartu baitute. Eta erizain lanetan ibiliko da gudariekin, eta handik Iparraldera. Aurrerago, Parisen ezagutuko du Txomin Letamendi, tronpeta jotzailea, jazz musikaria. Hor badago maitasun historia bat. Gero, handik Venezuelara alde egingo dute... Historia luzea da: naziak, espioitza Bigarren Mundu Gerran... Baina benetako historia bat da, eta hori da hemen politena».

Telefonoz bestaldean dago idazlea, AEBetan. Asier Altuna laguna du aspalditik, Gasteizko gaztetxeko garaietatik, eta “Karmele” filmatzeko argazkiak bidaltzen dizkiola aitortu dio NAIZ Irratiari.

Gure aldetik, bigarren aitorpena: Lekeitioko bideoren bat igorri diogu Uriberi, ulergarria baita oso idazlearen jakin-mina. «Oso pozik nago. Liburuak beste bizitza bat hartzen duelako, baina, batez ere, pertsonengatik: Manu Sota, Txomin eta Karmele. Jende horren bizitza audientzia zabal batek ezagutuko du. Film batek beste dimentsio bat du, eta horregatik nago pozik, Karmele, Txomin eta Manu bizirik ikusiko ditugulako», dio Uribek.

EPIKOTASUNETIK AT

«Mugatu», hau izan daiteke, seguruenik, ‘‘Karmele” filmaren prestaketa luzean Altunak bere buruari gehien errepikatu zion hitza. Pertsonaiak mugatuz -nobelan mordoa daude-, denbora mugatuz -ia mende erdiko historia nola laburbildu?- abenturak mugatuz... fokua, azkenean, Karmelerengan jarri du: «Hor dago istorioaren muina. Nola kudeatzen dira bi pertsonalitate horiek, bat oso abenturazalea, ameslaria eta borrokan sinisten zuena eta, aldi berean, beste aldea, umeekin eta eguneroko bizitza kudeatu behar zuena».

Filma izan zitekeen belikoa, abenturaz betea... Zinemagile bergararrak argi du: «Ikuspuntu asko ditu eta toki askotatik konta daiteke: dago gerra, dago exilioa, dago musika... Hala ere, niri gustatzen zaizkidan pelikula gehienak dira pertsonaia batek zein motatako erabakiak hartzen dituen aztertzen dutenak. Erbesteratzean zer erabaki hartzen dituen, gerraren aurrean zer erabaki hartzen dituen... Buelta asko eman ditut, baina lortu dut iristea errodajera bertsio oso konbentzitu batekin».

«Nik ‘‘Karmele”ri onena desio diot, eta gainera, lortuko du -gehitu du Uribek AEBetatik-. Iruditzen zait euskal zinemaren historian izango dela mugarri bat, benetan. Hori ikusi egiten da errodatzeko moduan. Oso pozik daudela nabari da, eta gero emaitzan ikusiko da hori. Filma dotorea izango da, maila handikoa. Bagaude beste garai batean, beste euskal zinemagintza batean. Uste dut jendeak gustura ikusiko duela, gainera. Gure memoria berreskuratzeko modu bat da, guk geuk kontatua. Guk kontatu behar dugu gure bertsioa. Eta pelikula ere hori da: guk geuk kontatzea, guk geuk nola pasatu genuen».

Eta, benetan, Kirmen Uribe ez da filmaziora joango? «Azken egunetan iritsiko naiz. Asierrek esan zidan egun berezia izaten dela. Zazpi asteko tentsioaren ondoren, bukaera ospatu egiten dute. Poz horretara hurbilduko naiz. Eta Nafarroan da azken eguna, Iruritan», aurreratu digu.