GARA
BILBO

Hil egin da Artzentalesen zuhaitz batek jota zauritu zen 22 urteko langilea

Lan istripuak salatzeko elkarretaratze bat.
Lan istripuak salatzeko elkarretaratze bat. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Apirilaren 25ean Artzentaleseko El Peso mendian baso lanetan ari zela zuhaitz batek jo zuen 22 urteko gaztea hil egin da, ELAk atzo jakinarazi zuenez. Sindikatuak gogora ekarri zuen gaztea Forestal Bejarano e Hijo SL enpresako behargina zela eta bi hilabete baino ez zeramatzala basogintzan.

Orain arte bildutako informazioaren arabera, moztutako pinuetako bat trabatuta geratu zen, eta askatzeko makinak erabiltzean, langileak kolpea jaso zuen.

ELA emandako datuen arabera, aurten dagoeneko 23 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz. Bizkaian, zehazki, 5 hildako izan dira. Salatu zuenez, basogintza sektorean laneko ezbeharren tasa «oso altua da; urtero dago lan istripu hilgarriren bat». ELAren arabera, 2021etik hona 12 langile hil dira sektore horretan.

«Jakina da sektore honek jasaten dituen pisu handiek, lan gainkargek, erritmo hain zorrotzek edo iristeko zailak eta malda handikoak diren lekuetan erabiltzen diren makina astun eta arriskutsuek handitu egiten dutela lan istripuak edo gaixotasun profesionalak izateko aukera, prebentzio arloko araudia behar bezala ezartzen ez bada. Era berean, ez zaio garrantzirik ematen sektore honetan prebentzioan prestakuntza egokia emateari», deitoratu zuen sindikatuak.

ELAk elkarretaratzea egingo du gaur, Zallako Euskadi plazan, eguerdiko hamabietan, «enpresen zigorgabetasuna eta laneko heriotza onargaitzak ahalbidetzen dituzten erakundeen konplizitatea salatzeko».

Joan den ostiralean, emakume bat hil zen Arabako Egilazko abeltzaintza ustiategi batean, eta bere semea ere zauritu zen, behi batzuek jota. Txagorritxu ospitalera eraman zuten gizona.