XOLE ARAMENDI
DONOSTIA

Montxo Armendariz: «Estreinaldiko zirrara bera sentitu nuen»

Estreinaldiaz geroztik, lau hamarkada hauetan Montxo Armendariz sekula «Tasio» osorik ikusi gabea zen. Zintaren zaharberritze prozesuan fotogramak bata bestearen atzetik ikusi zituenean bizi izandako emozioez hitz egin zuen atzoko aurkezpenean. Zaharberritze lanen gainean egon da Olletako zuzendaria. Zinemaldian ere emango da filma. Hori arnasa luzeko bidearen hasiera besterik ez da, Euskadiko Filmategiko arduradunen esanetan.

Joxean Fernandez, Montxo Armendariz eta Bingen Zupiria, atzo Filmategian egindako aurkezpenean.
Joxean Fernandez, Montxo Armendariz eta Bingen Zupiria, atzo Filmategian egindako aurkezpenean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Montxo Armendariz (Olleta, 1949) pozarren agertu zen atzo hedabideen aurrean. Badu horretarako arrazoirik. Batetik, “Tasio” filma 4K-n zaharberritu da eta, hori gutxi ez balitz bezala, Canneseko Zinema Jaialdiak nazioarteko klasikoei eskainitako atalean proiektatuko du maiatzean.

Boloniako L’immagine Ritrovata laborategiek egindako lanarekin pozik dago. «Proiektuan parte hartu genuen lantalde osoa pozik gaude. Baldintza duinak dituen kopia daukagu orain», esan zuen, Madrilen gertatutako uholde baten ondorioz baldintza kaskarretan baitzegoen zinta. Filmaren irudi batzuk ikusteko aukera izan dugu Euskadiko Filmategiko aretoan bildutako kazetariok.

«Ez naiz nire filmak ikusi zalea. Izan ere, filmak kontatzen duenarekin batera filmaketan bizitako egoerak, pertsonak, zirkunstantziak... denak datozkit burura; ezin behar bezala ikusi», kontatu zuen. Pantaila handira iritsi zenetik berriz osorik ikusi gabea zen. Boloniako eguna iritsi zen arte. «‘Tasio’ berritua ikustean estreinaldiko zirrara bera sentitu nuen», aitortu du.

Canneseko Zinema Jaialdian ikusiko du argia kopia berriak. Maiatzaren 14tik 25era egingo da aurten festibala. Horri esker nazioarteko klasikoen bilduman sartu da “Tasio”. Gainera, Tamasa banatzaile frantziarrak datorren urtean frantziar Estatuko aretoetan proiektatzeko eskubideak erosi ditu.

ZINEMALDIAN

Kopia zaharberritu berbera baliatuko dute irailean Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Klasikoak saila zabaltzeko, jaialdi horretan estreinatu baitzen duela lau hamarkada. Hortik aurrera hainbat zinema jaialditan erakustea dute helburu. Lakuako Gobernuaren Kultura Sailaren babes ekonomikoari esker zaharberritu ahal izan da filma, filmaren jabe Enrique Cerezorekin adostuta. Euskal Herriko zein espainiar Estatuko areto komertzialetara iristea zintaren jabearen esku geratuko da.

Jatorrizko materiala Espainiako Filmategian gordeta zegoen. «Bolonian, hura berraztertu, eskuz konpondu eta ultrasoinuekin garbitu zuten. Eskaneatu ostean, digitalki zaharberritu zuten: irudia egonkortu, eta marrak nahiz zikinkeria ezabatu zizkioten. Azkenik, kolorea zuzentzeari eta soinua zaharberritzeari ekin zioten», kontatu zuten aurkezpenean.

Joxean Fernandez ere egindako lanarekin gustura eta harro agertu zen. «Prozesu osoan zehar Montxo Armendarizen kolaborazioa eta konplizitatea izanak zilegitasun eztabaidaezina ematen dio lanari». Garbi esan zuen: «Gure izenbururik onenetako baten zaharberritze lanik onena dugu erakusleihorik onenean».

Bere esanetan, “Tasio” arnasa luzeko bidearen hasiera besterik ez izatea, horixe dute helburua. Euskadiko Filmategian zegoen Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak galdera zuzena egin zion Fernandezen ondoan zegoen Bingen Zupiriari: «Gobernuak zuzenduko al du aurrekonturik beste izenburuak zaharberritzeko?». «Ez dakit hori segurtatzeko egoeran nagoen, baina gure nahia horixe da», erantzun zuen Kultura sailburuak.

Zupiriak Euskadiko Filmategiaren jarduna txalotu zuen. «‘Tasio’ Cannes-en ikustea albiste oso ona da, euskal kulturak nazioartean presentzia irabazteko balio baitu. Pelikula gaur egungo teknologietara ekarrita gure ondarea gizartearen eskura uzten dugu. Beharrezkoa da herri baten kultura ondasunak zaintzea eta gizarteratzea, hurrengo belaunaldiei transmisioa ziurtatzeko», esan zuen.