Maider EIZMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Hasperenka

Zientzialariek bere oinarri eta jatorriak aztertu dituzte, eta garunean jarri dute fokua; hiztegira joanez gero, arnas hartze sakona dela jasota dago eta penarekin, estutasunarekin eta desirarekin lotuta dagoela ohartarazten du haren definizioak. Maiteminaren seinale izan daiteke hasperena, eta kantu eta idatzi hainbatetan egin izan zaio erreferentzia. Aspertuta dagoenari ere sumatu diot eta, batik bat, ezina duenari, arnasa sakon hartu nahi eta ezin duen horri. Arnasa arinak eragindako itolarria arintzeko balio dezakete aldizkako inspirazio sakonek, baina horrek ez du gorputza erabat asebetetzen. Halakoak sarri egiten dituenari erreparatu behar omen zaio, arazo baten seinale izan daitekeelako.

Osasun zentroetan, aspaldion, nahi baino hasperen gehiago entzuten dira. Ospitalearen ataria borrokalariago dago, euren burua gaixoak zaintzeko eskaintzen duten pertsonen iragarkiekin batera osasun arloko profesionalen aldarrikapenak daude, pankarta, pegatina edota horma karteletan jasoak, baina benetako borroka ateak gurutzatutakoan hasten dela iruditu zait.

Osasunik ez duenak, osatzeko beharrezko dituen zaintza, arreta eta, zergatik ez, mimoa nahi ditu eta horretarako patxada eta denbora behar dira; aritzea bezain garrantzitsua delako batzuetan aritu aurretik gaixoa behar bezala entzutea eta sendatze prozesuan hura ere aktorea izatea. Baina hara eta hona, azkar, gutxienekoak bete eta handik aurrerakoei heltzeko ahaleginean ari dira makina bat mediku, erizain, erizain-laguntzaile, garbitzaile eta zeladore, gain hartuta kasu batzuetan, etsita beste batzuetan, kontsolamendurik bilatzen ez duten gaixo horien irribarreari tiraka tarteka.

Azken boladan, nahi beste hitz polit eta promes entzundakoak dira osasun arloan lan egiten duten profesional horiek, baina hitz hauek idazten ditudan bitartean entzuten ditut gelarik gelara, arnasa txikian. Nago, langileak ez ezik, oro har, osasun sistema bera ari dela hasperenka, seinaleak bota eta bota, nork erreparatu eta artatuko.