Peli LEKUONA
DONOSTIA
Elkarrizketa
Nerea Kortajarena Ibañez
EH Bilduko hautetsia Gasteizko Legebiltzarrean

«Nazio auzia 78ko erregimenaren hipotekak kitatzeko giltza da»

Gizartean gauzak azkar aldatzen ari diren bitartean, politikagintzan aldaketak egitea gehiegi kostatzen dela uste du Nerea Kortajarena Gasteizko Legebiltzarreko EH Bilduko hautetsiak. Pedro Sanchezen erabakiarekin zein EAJ eta PSEren gobernu asmoekin sintoma bera antzeman du legebiltzarkideak. Herri agenda erdigunean jartzeko beharra adierazi du.

(Idoia ZABALETA | FOKU)

 

Egun berean gertatu zen. Pedro Sanchezek dimititu ez eta Espainiako Gobernuko presidente karguari eutsiko diola iragarri zuen astelehenean. Sanchezen agerraldia eta ordu erdira, Sabin Etxean bildu ziren EAJko eta PSEko ordezkariak, negoziatzen hastearren Gasteizko Parlamenturako gobernu akordioa. Batek ez zuen bestea ekarri, baina biak dira egungo testuinguru politiko eta sozialaren isla, Nerea Kortajarenaren ustez.

Dena aldatzen ari dela adierazi zuen NAIZ Irratian egindako elkarrizketan. «Gauzak benetan aldatzea zenbat kostatzen den», hori etorri zitzaion burura EH Bilduko hautetsiari, bi gertaeren harira.

Lawfarea, gertutik

Lawfareaz mintzatu zen lehenik. Euskal Herrian gertutik ezagun dugun jazarpen mediatiko, politiko eta judiziala ez dela berria nabarmendu zuen, Altsasuko gazteen, Bateragune auziaren edota “Egunkaria”-ren kasuak oroituz. Eta zentzu horretan, Pedro Sanchezen emaztearekin gertatutakoa kasu bakan bat ez dela esan zuen.

Ondorio berdinera iritsi zen EAJ eta PSEren arteko gobernu asmoez: «Denok ziklo aldaketa batean gaudela eta gauzak aldatu behar direla onartu dugunean, asteleheneko lehen elkarrizketaren arrastoak uzten duen hausnarketa da gauzak gutxi aldatu direla eta asko kostatzen dela herritarrek hautetsontzian esandakoa ondo ulertzea eta hori herri baten gobernabilitatera eta agenda politikora eramatea. Aldatzeko beharra dago, baina, era berean, adibidez Sanchezek ez digu planteatu zer egingo duen agindu duen puntu eta aparte hori burutzeko. Eta, bestetik, Lakuan ere ematen du lehengo lepotik burua izango dugula».

«Orrialdea pasatzeko presa»

Heldu den maiatzaren 23aren aurretik Gasteizko Legebiltzarra osatua nahi dute EAJk eta PSEk. «Orrialdea pasatzeko presa handiegia» dagoela ikusten du Kortajarenak, baita «ezer gertatu ez den ideia hauspotzekoa» ere. Eztabaidak, ordea, bestelakoa beharko luke haren iritziz: «Herritarrek joan den apirilaren 21ean emandako mandatu horren inguruan solasean aritu beharko genuke, herritarrek era argian adierazi duten horri buruz».

«Datorren Legebiltzarra argiki abertzalea eta subiranista izango da, eta argiki ezkerreko politiken aldekoa izango da. Hortaz, hori agenda politiko batean nola kokatu eta herri honen zati honen gobernabilitatean nola itzultzen den izan behar luke mintzagaia. Baina nire sentsazioa da betikoaren eszenaratze horretan gaudela», azaldu zuen.

EAJren eta PSEren itxurakeria kritikatu zuen: «Programa baten inguruan hitz egiten ari diren irudia eman nahi dute, baina bestelakoa da haien arteko mintzaera hori; betiko politika da hori. Egin daiteke, zilegi da, baina ez dio herritarrek eskatu digutenari erantzuten, ezta herri honetako zati honek dituen arazoei eta etorkizuneko erronkei ere».

Kortajarenak adierazi zuen jeltzaleen partetik ez dela elkarrizketarako inolako urratsik izan apirilaren 21az geroztik. Gaur egungo erronkek elkarlana, elkar ulertzea eta eztabaida publikoak eskatzen dituztela aldarrikatu zuen.

Beraz, defendatu zuenez, gainerako alderdiei ezin zaizkie bizkar gainean jarri «baztertzaileak» diren akordio eskemen «hipotekak» eta albo kalteak: «Gai horiek guztiek eskatzen duten kolaborazioa eta elkar ulertua orain josi behar da».

Hitzetatik ekintzetara

Aktualitateak fokua aldendu eta Madrilera begira jarri gaitu, Pedro Sanchezek bost eguneko hausnarketaren ostean karguan jarraituko zuen edo ez erabaki zain. Presidentetzari eutsi egingo dio azkenean, eta erregenerazio politikoan sakontzeko beharraz mintzatu da. Hitzak baino, ekintzak galdegin zituen Kortajarenak; egoeraren larritasunagatik lehenik, baina baita sinesgarritasun beharragatik ere.

Zehaztasunetarako unea dela deritzo, jazarpen politiko eta judiziala ez dela amaituko iritzita. «78ko erregimenak utzitako hipotekak kitatzeko momentua da».

Euskal Herriari dagokionez, azpimarra berezia egin zuen: «Geure aspirazio, eskubide nazional eta sozialak hipotekatzen dituen hori guztia altxatzeko unea da». Zentzu horretan, aipatu zuen Sanchezen mugimenduak eta haren ondorioek agerian jarri dutela berriz ere nazio auzia erdigunean dagoela. Horrekin batera, tokiko gobernuetatik herri agendan indarra egiteko beharra nabarmendu zuen hautetsi abertzaleak.