GARA
DONOSTIA

AHTaren obrengatik kaltetutako aldiriko tren zerbitzuari buruz galdetu du EH Bilduk Senatu espainolean

Donostiako Renfeko geltokia.
Donostiako Renfeko geltokia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

AHTaren lanek aldiriko tren zerbitzuan izandako eraginari buruz hainbat galdera egin zituen atzo EH Bilduk Senatu espainolean, koalizio subiranistak ohar baten bidez jakinarazi zuenez.

Bertan gogorarazi zutenez, hirugarren haria jartzeko lanen ondorioz, eta Loiolako tunelaren galiboa handitzeko, «apirilaren 29tik aurrera, Aldi Baterako Bide Bakarra ezarri da Donostiako eta Hernaniko geltokien artean. Ibilbide hori Irun eta Errenteria arteko bide bakarrean dagoenari gehituta, zerbitzuaren kalitateak nabarmen okerrera egin du, eta ibilbidea egiteko behar den denborak gora egin du».

Koalizioak nabarmendutako beste ondorio bat «Irun-Brinkola aldirietako zerbitzuaren maiztasuna» da. Diotenez, obra hauek hasi baino lehenagoko zerbitzu normalaren erdira jaitsi da. «Heren bat murriztu da, aldiz, Irun eta Errenteria arteko bide bakarraren ondorioz jada murriztuta zeuden zerbitzuen maiztasuna», gaineratu zuten.

Beraz, Gorka Elejabarrieta, Olaia Duarte eta Mario Zubiaga senatariek hurrengo galdera hauek erregistratu zituzten: «Zein egunetan berreskuratuko da egun Irun-Errenteria eta Donostia-Hernani artean aldi baterako bide bakarrean dauden bi bideko zirkulazioa?», «Irun eta Errenteria arteko bide bakarraren kasuan, ez da autobusik ezarri Irun-Brinkola aldiriko trenbideak Hernani eta Donostia artean dituen ondorioak arintzeko. Zergatik ez da ezarri ordezko zerbitzu hori?», «Garraio ministerioak, uste al du osaera bikoitzekin nahikoa izango dela Irun-Brinkola linearen erabiltzaileen mugikortasun beharrak bermatzeko?» eta «Zergatik ADIF ez da aurreikuspen handiagoz aritu ordutegi berriak zehazteko orduan, Renfek zerbitzuak egokitu eta herritarrei informazio egokia eman ahal izateko?».

Bizkaian ere, Renfe-Bizkaia langile batzordeak salatu zuen Bilboko aldirietako C1, C2 eta C3 lineetan gutxienez 200 tren kenduko dituztela datozen zazpi egunetan.