GARA
GAZA

Hamasek su-etenaren aukera oztopatzea leporatu dio Netanyahuri

Ultimatum bat da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Rafah hiriaren aurkako erasoa galaraziko dion akordio bat sabotatzeko egin duen azken maniobra. Netanyahuk astebeteko epea eman dio Hamasi azken su-eten eskaintzari erantzuteko, edo 1,5 milioi pertsona pilatzen dituen hiriari eraso egiten hasiko da.

«Netanyahu oztopoa izan da aurreko elkarrizketa edo negoziazio aldi guztietan, eta argi dago hala izaten segituko duela. Ez du akordio batera iristeko interesik, eta horregatik ari da hedabideetan adierazpenak egiten, bidean dauden ahaleginak zapuzteko», nabarmendu zuen Hossam Badran Hamaseko buruzagitza politikoko kideak.

Hamaseko negoziatzaileak apirilaren amaieran helarazitako su-eten proposamena eztabaidatzen ari dira gaur egun, baita Palestinako beste talde batzuekin ere. Talde palestinarrak datorren astearen hasieran erantzuteko asmoa du, baina bitartekariek, erantzuna ezezkoa izango delakoan, atzeratzea eskatu diote, negoziazioan sakontzeko.

Badranek berretsi zuen Hamasek behin betiko su-etena eta Gazako Zerrendako okupazio indarren erabateko erretiratzea eskatzen jarraitzen duela, baina eskaintzak ez du jasotzen eskaria. Badranek berretsi zuen bere mugimendua «espiritu positiboarekin» aztertzen ari dela eskaintza, baina ohartarazi zuen Netanyahuren adierazpen publiko ugariek «akordioa lortzeko edozein aukera errailetik ateratzeko» asmoa erakusten dutela. Izan ere, Rafahren aurkako lurreko erasoaldia edozein modutan egingo duela eta su-eten batek ez diola gerrarekin jarraitzea eragotziko esan du.

Negoziazioaren une tirabiratsuaren erakusgarri, William Burns CIAko zuzendaria Kairora joan da, Abas Kamel egiptoar homologoarekin biltzeko. Burnsek elkarrizketaren une erabakigarrietan esku hartzen du.

Bestalde, Hamasek txalotu egin zuen Turkiak ostegunean iragarritako «erabaki ausarta», Israelekin zituen harreman komertzialak etetekoa. Israelgo Gobernuaren erantzuna palestinarren zigorra areagotzea izango da. Atzerri Ministerioak iragarri zuen Turkiak Gazarekin eta Palestinako Agintaritzarekin duen harreman ekonomiko oro trabatuko duela, eta Ankararen aurkako zigorrak eskatuko dituela nazioarteko foroetan.